Paperak dena jasan dezakeela zioten asteburuko asanbladan. Instituzioak herritarron beharrizanei erantzuteko urrats bat atzetik ditugula sarriegi. Horretan gaude migrazioaren gaiarekin Euskal Herrian. Lau urte beteko dira egoera jasangaitzaren aurrean harrera solidarioak herri antolakuntzaren bideari ekin zionetik, Greziako mugetan hasita.
Europako kanpo mugen itxiera pil-pilean, errefuxiatuak beren bizitzaren aldeko bidaian hiltzera kondenatu genituen. Denok haiei begira, ez egite berak kriminalitatea saihets zezakeelakoan.
Orduan, pertsonok saretzeari ekin genion gure munduko txoko honetan, herriz herri familiekin, auzoz auzo gazteekin. Eta Bilbon 2018ko udan, gutarron elkartasun kulturak dirauela frogatu genien basamortua eta itsasoa gurutzatu zutenei.
"Trumpekin denak haserre ditugun honetan, hemen –Bilboko San Frantzisko auzoan...– Ertzaintza arrazializatuaren atzetik dabil dokumentazio eske"
Egoerari erantzuteko beharrizana ikusi zuen Eusko Jaurlaritzak ere. Erronka migratzaile berrientzako Share planaren proposamena egin zuen uda ostean, irtenbideen emaile. Prentsaurreko ugari. Baina egunez egun, herri antolakuntzak, familiak eta gazteak kaletik jasotzen jarraitu zuen, haientzako lekua nondik atera jakin ezinik bada ere. Erregularizazio prozesua saiatu ahal izateko eskatzen zaien hiru urteko penitentzian, bizirauten, altxatzen, formatzen, gozatzen bidelagun. Instituzioak zertan dabiltzan jakin gabe. Share planeko Berrizko aterpetxetik jendea berreskuratzen: trantsituko gunea dela eta bertan denbora gehiegi pasa dutela esanez kanporatzen baitzuten jendea, aterpetxea hutsik egon arren.
Armen Komertzioa eta Esportazioa Euskadin txostena plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzak urtebetera. Kode etiko batek armagintzaren sarraskia zuritzerik balu bezala. Migrazioan duen arduraz, erantzukizunaz ahazterik bagenu bezala.
Ba al dago bakeaz hitz egiterik armak salduz, Bilboko portua lehergailuen garraiorako erabiliz edo Palestinako lur okupatuak desegingo dituen tranbia CAFek eraikitzea onartuz?
Herri mugimenduak, baina, sistema desobeditzen jarraitzen du oinarrizko eskubideen obeditzeko. Nahi duten bezain polit erakutsiko digute. Baina harreran saretu dugun gure komunitatea antolatzen gabiltzan bitartean, instituzioek migratu pobretuari irtenbideekin ez, lege injustuz erantzuten diote.
Elkartasunaren saretze lanetan irtenbideak ematen gabiltzanoi, Eusko Jaurlaritzak isunez kolpatu eta itxieraz mehatxatzen gaitu pertsona papergabeekin enpresak sortzerakoan, lan ikuskaritzaren makinaria erabiliz (Artea Sarean egin duen bezala).
Ez dituzte 'patera pisuak' onartzen etxebizitzarako aukerarik ez dagoen arren, ezta alokairuan ere. Eta urtetan hutsik dauden kapitalaren eraikinak okupatzea erabakitzen denean, desalojatzen gaituzte espekulazioa lehenetsiz, pertsona zaurgarriak kale gorrian utziz (Zornotza, Gernika...).
Trumpekin denak haserre ditugun honetan, hemen –Bilboko San Frantzisko auzoan...– Ertzaintza arrazializatuaren atzetik dabil dokumentazio eske, bere bizimodua zalantzan jartzeko.
Hipokrisia horretan dabil igerian Eusko Jaurlaritza.
Argi izan, baina, gure komunitatea defendatuko dugu! Paperak denontzat! Lana denontzat! Etxebizitza denontzat! Ondo bizitzera etorri gara mundura.