2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak urtarrilaren 28an epaituko dituzte Baionan eta karguak erretiratzeko eskatu dute.
Urtarrilaren 26ko martxa J’accuse plataformak antolatu du. J’accuse kanpaina abian jarri zuten Korrikaren inaugurazioan jatorri afrikarreko 36 migratzaileri muga igarotzen lagundu zieten pertsonak babesteko. Zazpi ekintzaileri migratzaileei muga legez kanpo pasatzen laguntzea egotzi zieten eta epaiketa urtarrilaren 28an da. Plataformak autoinkulpazio kanpaina abiatu zuen.
Igandeko martxak bi helburu zituen, batetik, Europak ezartzen duen migrazio politika “hiltzaile eta arrazista” salatzea, eta bestetik, auzipetu dituzten zazpi ekintzaileak babestea.
EITBk jakinarazi duenez, manifestazioa hasi aurretik, autoinkulpaziorako sinadura bilketa egin dute. Milatik gora herritarrek sinatu dute autoinkulpazioa. Ondoren, Bilboko Sare Antiarrazistako kide batek Bidasoa ibaia zeharkatzen eta inguruan hil diren bederatzi migratzaileen izen-abizenak irakurri ditu, eta horren ostean, minutu bateko zarata aldia egin dute.
Martxa Irungo Ficoba erakustazokatik abiatu da eta Hendaiako Europako zubiraino heldu da. 50 eragile sozial, politiko eta sindikalek bat egin dute manifestazioarekin.
Segurtasunez eta legaltasunez ibiltzeko eskubidea
Zazpi auzipetuek iritzi artikulua argitaratu dute kazeta.eus-n. Hedabidean adierazi dutenez, urtarrilaren 28an, “eskubide berdintasunaren defentsaren izenean” agertuko dira epailearen aitzinean.
Batera eta bestera ibiltzeko europarrok dugun eskubidea munduko beste edozein biztanlerentzat aldarrikatu dute: “Nahi den lekuan bizitzeko eskubidea, hara eta hona ibiltzeko eskubidea eta, beraz, segurtasunez eta legaltasunez, etengabe kontrol, atxiloketa, itxialdi eta abarren menpe egon gabe ibiltzeko eskubidea europarrak garelako badugu, eskubide hori munduko biztanleriaren zati handi bati ukatua zaiolarik”.
Azaldu dute Mendebaldeko herritarrok pribilegio batzuk ditugula eta askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna ez direla lema huts haientzat: “Eskubideen berdintasuna aldarrikatzen dugu eta ondorioz, elkartasun osoa erakutsi behar diegu eskubide berdinak ez dituztenei, bizi hobe baten bila, bizia bera arriskuan ezartzen dutenei”.