argia.eus
INPRIMATU
Migrazio-kontrolak estutzearekin lotu du EBren etorkizuna Europar Kontseiluko presidenteak
  • Europar Kontseiluko presidentearen iritziz, “batasunak iraungo badu, inmigrazioarekiko jarrera irmoa hartu behar du”. Brexitaren osteko Erresuma Batuarekin harreman onak izateko deia luzatu die batasuneko kideei.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 14a
Donald Tuskek Europar Batasunak migranteekin izan behar lukeen jarreraren inguruko hausnarketa plazaratu du.

Brexita eztabaidaren erdigunean kokatuko bada ere, zenbait gai aztertuko dituzte Europar Batasuneko kideek –Erresuma Batuak izan ezik– asteazkenetik aurrera Bratislavan egingo duten bileran. Gai horien inguruan aritu da Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea, gutun batean: Brexitaz gain, migrazio krisia, Errusiarekiko harremanak edota jihadismoa izan ditu hizpide.

Migrazio krisiari dagokionez, Tuskek uste du “egoerari erantzun azkar eta bateratua ez emateak gizarteak agintariengan duen konfiantza gutxitu duela”. Bere esanetan, “berebiziko garrantzia du askatasuna eta segurtasunaren arteko oreka berrezartzeak”, eta horretarako beharrezko jo du “kanpo mugen irekiera eta babesa indartzea, kontrol eraginkorra sustatzeaz gain”.

Izan ere, “migrazio krisiak kolapsoaren ertzean utzi du Europar Batasuna”. Uste du segurtasuna dela europarren kezka nagusienetako bat, eta jihadismoarekin lotu du hori: “Gure kanpo mugetako datu baseetan mundu guztia kontrolatu beharra daukagu”.

Brexita, europar guztien ardura

Tuskek Brexita britainiarren arazotzat soilik ez hartzeko eskatu du. Bere arabera, “galdeketaren emaitza milioika europarren eguneroko zalantzen isla da”. Zenbait adibide jarri ditu: gizartearen eta herrialde bakoitzaren segurtasuna, haien interesen babesa, kultura edota bizimodua, esaterako. Tusken arabera, “gai hoiek Erresuma Batuak EBn geratzea bozkatu arren berriz aztertu beharko lirateke”.

Brexitaren osteko Erresuma Batuarekin harreman onak izateko dei egin die Europako estatuei, baina ohartarazi du britainiarrek irteteko asmoei buruzko adierazpen ofizialik egon arte ez dela negoziaketarik egongo. Bien bitartean, EBko estatuen komunitate zentzuarekin jokatu behar dutela iradoki du.