Pandemiak migrazio-fluxuetan izan duen eraginari dagokionez, 2020an jatorri atzerritarreko 4.777 pertsona gehiago erroldatu ziren EAEn. 2021eko urtarrilaren 1ean, jatorri atzerritarreko 246.501 lagun zeuden erroldatuta EAEn, biztanle guztien %11,1.
Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiak plazaratutako datuen (PDF) arabera, erroldatutakoen kopuruak gora egin duen arren, aurreko urtearekin alderatuta %75,8 murriztu dira erkidegorako fluxuak.
Lurralde historikoen arabera, Arabak du atzerriko jatorria duen biztanleriaren ehuneko handiena (%13), ondoren Gipuzkoak (%11,2) eta azkenik Bizkaiak (%10,6). Nafarroan, bestalde, kopurua %16,4koa da.
Gehienak Latinoamerikako herrialderen batean jaio dira (%51,7), %14,8 Europar Batasunean eta %14,2 Magreben.
Feminizazioa, zaintza-lanekin lotua
EAEko atzerritar jatorriko biztanleria "feminizatuta" dago, txostenaren arabera. Alegia, emakume (%52,4) gehiago daude gizonak (%47,6) baino. Hala ere, jatorri eta lurraldearen arabera, banaketa hori aldatu egiten da. Afrikan jatorria dutenak, bai Saharaz hegoaldean bai Magreben, gizonezkoak dira gehienak: gutxi gorabehera, 10etik 6. Beste muturrean, EAEn erroldatuta dauden jatorri latinoamerikarreko pertsonen % 61,2 emakumeak dira. "Diferentzia horien jatorria euskal gizartearen premiei erreparatuz ulertuko ditugu; izan ere, arlo bakoitzak aukera gehiago edo gutxiago ditu euskal lan-merkatuan txertatzeko orduan".
Urteak pasa ahala, jatorrizko herrialdeen ehunekoak aldatuz joan dira. Latinoamerika izan da eremu nagusia, % 45etik gora mantendu da sistematikoki, eta, gainera, igotzen joan da. "Diferentzia horien zergatia euskal gizartean bilatu behar dugu; izan ere, eskatzen dituen profilak, neurri handi batean, etxe-zerbitzuarekin eta zaintzarekin dute lotura".