argia.eus
INPRIMATU
Migratzeko eskubidearen alde eta atxiloketa arrazisten kontra Mugak Zabalduz Karabana
  • Mugak Zabalduz Karabanak salatu ditu batetik, mugak itxi izana, eta bestetik, “perfila ematen” duten pertsonek, zuriak ez izateagatik izaten dituzten arraza-kontrolak.

     

Ahotsa.info @ahotsainfo 2021eko uztailaren 26a
Argazkia: Ekinklik.

"Imajinatzen duzu kalera irten eta libreki mugitzerik ez izatea, “profila ematen” duzulako, Poliziak geldi zaitzan beldur zarelako? Imajinatzen duzu beste herrialde batera joan nahi izatea, bizitza hobea bilatuz, eta EBko migrazio politikek migrazio hori itsasoan bizia jokatuz egitera behartzea?", galdetu dute Mugak Zabalduz karabanako kideeek.

Ekintza hori amaitu eta gutxira, ostegunean, salatzen ari diren hori guztia berretsi duten berriak iritsi dira: Espainiako Poliziak bi gazte senegaldar atxilotu ditu arraza-kontrol berri batean. Kasualitatea? Eguneroko errealitatea, batez ere.

Gazte horiek atxilotuta zeuden komisaldegira iritsi da karabana. Bitartean, Kanariar Uharteetako kideek baliabide guztiak erabili dituzte, egunero arrazismo instituzionala jasaten duten bi mutil horiek askatu arte. Ostegunean lagunekin lo egin ahal izan dute. Hori bai, baldintza negargarrietan bizi diren Las Raíces eremuan. Baina eguneroko errealitatea da atxiloketa horiek, gehiegitan, prebentziozko espetxeratzearekin amaitzen direla, hainbat eta hainbat oztopo legal, ekonomiko eta linguistiko medio.

Pertsona horien “delitu” bakarra larruazalaren kolorea da, eta bizitza hobea bilatzeko ilusioa. Gaur ondo atera da. Eta bihar?