argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileentzat gaztetxean zuten gunea desegin eta Udalak duen zentroa denentzako aterpea izan dadila eskatu du Irungo Harrera Sareak
  • Bidean diren eta instalazio ofizialetatik kanpo geratzen diren migratzaileei aterpe eman diete herritarrek orain arte Irungo Lakaxita gaztetxean. Bi hilabeteren ostean, kanpalekua desegin behar izan dute, beharrezko gutxieneko baldintzak ez dituela betetzen iritzita. "Hasieratik salatu dugu egoera", dio Irungo Harrera Sareak, eta Udalaren gain jarri dute ardura: administrazioak migratzaileentzako zentroa du Irunen (Martindozenea), baina eskatzen diren baldintzengatik jende ugari kanpoan geratzen da eta baldintza horiek aldatzea nahi du Harrera Sareak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko urriaren 11

Aterpean gehienez bost egun igarotzea, Espainiako Estatuan 30 egun baino gutxiago eramatea eta poliziaren dokumentu bat izatea eskatzen zaie migratzaileei, Martindozenean lo egin ahal izateko. Horrek jende bat kanpoan uzten duela eta gainera egunean zehar inor ez dutela hartzen (eta beraz ez dutela nora jo) salatu du Irungo Harrera Sareak; baldintzak aldatzeko eskatu du. Horren ordez, behin-behineko soluzioa jarri du Udalak, beste gune batean hartuko dituzte jada Lakaxita gaztetxean ez dauden eta Martindozenean onartzen ez dituzten migratzaileak.

Hori ez da soluzioa, Harrera Sarearen iritziz: harrera duina eta integrala eskatu dute, eta argi daukate, Martindozenea da behar bezalako arreta eman dezakeen gunea. Martindozeneak hartu behar ditu migratzaile guztiak, baita egunean zehar ere. "Lehen egunetik aldarrikatu dugun bezala, erakundeak dira gure ustez behar hauei erantzuna eta irtenbidea eman behar diotenak, horretarako dituzten bitartekoak erabiliz eta gutxieneko baldintza duinak bermatuz".

"Ikus gaitzatela"

Kanpalekua desegin ostean, presio egiten jarraitzen dute herritarrek eta egunean zehar administrazioak aterperik ematen ez dienez, hiriko bihotzera mugitu dira: San Joan plazara (udaletxea dago bertan). Egunez, gaztetxean antolatzen zituzten ekintzak bertan egingo dituzte hemendik aurrera: "Ikus gaitzatela. Ikus dezatela herritarrek zer ari den gertatzen. Udalak ikus dezala zer ari den gertatzen. Harrera eredu instituzionalaren gabeziak ikusarazi nahi ditugu".