argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileen Karabanako 2.000 pertsonaren aurka oldartu da Mexikoko Polizia
  • Gas negar-eragilea erabili dute Migratzaileen Karabanaren aurka Guatemalatik Mexikora igaro nahi zutenean. Migratzaileek Tecun Uman hirira (Guatemala) itzuli behar izan dute, atxilotu ez ditzaten.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 24a
Guatemala eta Mexikoren arteko muga. Irudia: El Sur

Milaka pertsona ari dira Ertamerikatik Ameriketako Estatu Batuetara heltzeko saiakera egiten. 2018ko urriko martxak baino arrabots txikiagoa eragin du oraingoak eta jende gutxiago batu da Migratzaileen Karabanara. Hala ere, Mexikoko Gobernuak horiek kanporatzea eta herrialdera sartzen ez uztea erabaki du.

Mexikoko Guardia Nazionala karabanako 2.000 kide ingururen aurka oldartu da eta gas negar-eragilearekin atzera eginarazi die, karabana Hidalgo Hirira (Mexiko) heldu nahian zebilela. Hainbat lagun atxilotu dute, baina gehiengoa atzera egin eta Guatemalako Tecun Uman hirian dago.

 

 

 

BBC­-k jakinarazi duenez, Mexiko "aurrekaririk gabeko" neurriak hartzera konprometitu da migrazio irregularra geldiarazteko. Guardia Nazionalaren esku-hartzea barne, zeina Polizia Federaleko, Ontzigintzako eta Polizia Militarreko kideek osatutako talde militarra den. Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obradorrek 2018ko uztailean lortutako babesa kolokan jarri dute hartu dituen erabaki batzuek, batez ere AEBetako presidente Donald Trumpekin sinatutako hitzarmenen harira.