argia.eus
INPRIMATU
Huerta de Peraltako greba
Migratzaileen greba baten irakaspenak
  • Amaitu da Azkoienen Huerta de Peralta negutegietako langileen greba –gehienak migratzaile marokoarrak eta hego amerikarrak–, borroka luze eta mobilizazio solidario askoren ondoren.

Juan Mari Arregi 2019ko urtarrilaren 24a
Huerta de Peraltako langileak akordioa ospatzen (arg: LAB Nafarroa)

Enpresaren eta LAB sindikatuaren arteko negoziazioen ostean, akordioak euren aldarrikapen gehienak jasotzen ditu, hala nola kanporatutako bi langile berriz hartzea, hirugarren bati aukera hori ematea auzitegiek hala erabakiz gero, eta laugarren baten kaleratzea bidegabea izan zela onartzea. Egindako 440.000 euroko zorrari dagokionez, enpresak %70 ordainduko du eta lan hitzarmena hobetuko du.

Hainbat irakaspen. Lehena: greba eta mobilizazio solidarioak, erresistentzia kutxa barne, efikazak dira. Egun borrokan dabiltzan hainbat sektoretako langileek, irakaskuntza kontzertatukoak, Navalekoak edo Max Centerrekoak kasu, eredu bat daukate hor. Bigarrena: Nafarroako negutegietan lanean ari diren zientoka migratzaileren prekarietate eta erdi-esklabotza egoerarekin hautsi daiteke. Hirugarrena: Azkoiengo greba, elkartasunak aurrera eginez gero, Nafarroa osora eta Almeria eta Andaluziako beste tokietara ere iritsi beharko litzateke, prekarietatea lakra bat baita. Enpresa batzordeen eta sindikatuen ardura da hori. Laugarrena: Migratzaileekiko solidaritateak ezinbestean dakar bizikidetza hobetzea gure herrietan.

“Bertoko edo kanpoko, denok langile klaseko!”. Esaldi hori oihukatu dute behin eta berriz grebalariek. Oihu horrek gure herrian eta mundu osoan duen esanahiak kezkatzen ditu patronala eta Kapitalismoa bera. Davosen kapitalismo horren munduko elitea bildu da, gizartea bere interesen arabera antolatzeko… Bertako edo kanpoko, Kapital bera da.