argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileen eskubideen alde borrokatzeko Tinkuy taldea sortu dute Gasteizen
  • Arazoa munduaren ipar-hego banaketan dagoela azaldu dute Tinkuyko kideek, eta pertsona migratzaileen eskubideen alde borrokatzeko zortzi puntuko manifestua aurkeztu dute. Klima aldaketaren inguruan ere kontzientzia sortzeko konpromisoa hartu du taldeak, iparraldeko herrialdeen ekoizpen eta kontsumo sistema hegoaldeak pairatzen duela azaldu du aurkezpenean.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 29a
Tinkuy kolektiboko kideak aurkezpenaren bezperan Tinkuy

Gasteizeko hainbat migratzailek Tinkuy kolektiboa sortu berri dute eta larunbatean aurkeztu dute Gasteizko Auzolana pilotalekuan. Taldea migratzaileen eskubideengatik borrokatzeko jaio da, eta zortzi eskaerako agenda propioa zehaztu dute. "Eskuin muturreko faxisten eta beren gezurren aurka" daudela eta justizia nahiz berdintasunean oinarrituriko gizarte baten alde egingo dutela adierazi dute; parte hartzeko prest dagoen edonori gonbita egin diote. “Ez ditugu onartzen diruaren jabeen gezurrak, ezta GKE eta alderdi politikoetatik babesten gaituztela diotenen paternalismoa, gure ahotsa izan nahi dute, baina gure kabuz hitz egiteko aukerarik eman gabe".

Tinkuyko kideek munduaren ipar-hego banaketa bidegabea dela adierazi dute, eta arazo global baten “jatorria” dela diote. "Migratzea ez da erraza, eta ez da guztiz borondatezkoa izaten". Diskurtso arrazistek diotenaren aurka jaio da taldea, eta azaldu dute pertsona migranteek gizarteari mesede egiten diotela, jaso baino gehiago ematen dutela. "Langileak gara, ez gara gaizkileak".

Arrazakeriarekin batera klima aldaketaren inguruan kontzientzia sortzeko ardura hartu du taldeak, eta arazoaren fokua iparraldeko herrialdeen ekoizpen eta kontsumo sisteman jarri dute, geroago hegoaldeko herrialdeek pairatzen dutena. Tinkuyren ustetan, klima aldaketari aurre egiteko funtsezkoa da egitura politiko zein ekonomikoak eraldatzea.

Zortzi puntuko agenda propioa

Tinkuyk aurkeztutako zortzi aldarrikapenetan lehena izan da pertsona migratu langileen berehalako erregularizazio masiboa. “Bidegabea baita hiru urtez paperik gabe eta jazarpen poliziala jasaten bizitzera behartzea, gizartean errotzea lortzeko”. Horrekin batera CIE zentroak itxi ditzaten galdegin dute, “isilpeko kartzelak” direla salatu baitute.

Atzerritartasun legea aldatzeko ere exijitu dute berdintasun juridikoaren babes konstituzionala urratzen duelakoan. Emakume migratzaileek “zapalkuntza bikoitza” jasaten dutela argudiatu dute, “zaintza sistemaren euskarri baitira”.

Hezkuntza sistemaren inguruan ere mintzatu dira, eta oinarri arrazisten zein eurozentrismoaren inguruan hausnarketa sortzeko hezkuntza publikoan eta eztabaida publikoan eduki deskolonizatzaileak txertatzea eskatu dute Tinkuyko kideek.

Pertsona migranteek etxebizitza eta enplegua lortzeko orduan arazoak dituztela gogoratu dute. Salatu dute “burokrazia administratiboak eta gizarteko aurreiritziek” eragiten dutela migratzaileek lan okerragoak lortzea eta etxebizitza duina eskuratzeko zailtasun handiak izatea.

Gorroto diskurtso guztien aurka borrokatzeko beharra azpimarratzen amaitu du aurkezpena Tinkuyk, “etengabeko mobilizazioaren bidez egingo baitzaie aurre”.