argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileen eskubideak bermatzea eskatu dute Irunen eta Hendaian
  • Antolatzaileen arabera, 3.000 lagun bildu dira Irundik eta Hendaiatik abiatutako jende zutabeetan, larunbatez. Mugako kontrol arrazistak salatu dituzte eta agintariei eskatu diete harrera duina egiteko migratzaileei.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 31
Argazkia: ekinklik.org.

Jende zutabe bana abiatu da Irundik eta Hendaiatik eta Irungo Ficoba azoka gunean egin dute bat. Mobilizazioa antolatu dute Irungo Harrera Sareak, Diakitek, La Cimadek eta Etorkinekin elkarteak. ‘Euskal Herria, harrera herria’ leloa baliatu dute mobilizazioan eta askatasun osoz batera eta bestera ibiltzeko eskubidea aldarrikatu dute. Pertsonak ez direla ilegalak eta Hego Euskal Herritik Europarantz bidaiatu nahi duten migratzaileei mugan oztoporik ez jartzea exijitu dute. Salatu dute kontrol arrazistak egiten direla mugan.

Arduradun politikoei eskatu diete euren ardurei heltzeko eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko.

Ficobako ekitaldian duela gutxi hil diren bi migratzailek gogoan izan dituzte. Maiatzaren 22an, Bidasoa ibaian, Boli Kostako gazte migratzaile baten gorpua aurkitu zuten. Bidasoa ibaia zeharkatu eta Hendaiara heldu nahi zuen gazteak. Apirilean, Eritreako gazte batek bere buruaz beste egin zuen Irunen, Bidasoa ibaiaren bazterrean.

Ondoren duzue Maialen Lujanbio bukaerako ekitaldian bertsotan: