argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileen ehiza helburu, eskubideak sistematikoki urratzea leporatu diote poliziari
  • Hego eta Ipar Euskal Herri arteko mugan, trenbide bazterretan, gauean… migratzaileen harrapaketan polizien kontrolak asko areagotu direla eta pertsona horien kontra Frantziako Polizia bidegabeki jokatzen ari dela salatu du hainbat elkartek: “Errefuxiatuen eskubideak sistematikoki urratzen dituzte”.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 16a

Duela gutxi Irungo Harrera Sareak ohartarazi zuen Hendaian poliziaren presentzia “itogarria” dela eta gauetan herriko txokoetan ezkutatuta dauden migratzaileen harrapaketan dabiltzala. Poliziaren jokamoldea ere kritikatu zuen.

Ildo berean, Frantziako poliziaren jokamoldea legez kanpokoa dela salatu dute orain Diakite, Cimade eta Etorkinekin elkarteek. Besteak beste, adingabeak berriz ere Espainiako Estatura bueltatzen dituztela eta Frantziako Estatuak giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea urratzen dituela adierazi dute. Joan den astean, gutxienez 30 lagun atxilotu ditu poliziak Baionako eta Bordeleko tren geltokietan.

Horrez gain, errefuxiatuak Kanariar Uharteetatik hegazkinez Madrilera eramaten dituztela eta horietako asko handik Baionara heltzen direla azaldu dute: “Ez dakigu nork antolatzen dituen bidaia horiek, baina instituzioek laguntzen dituztela pentsa daiteke”. Hala, Baionako Pausa harrera gunea saturatzear egon daitekeela ohartarazi dute.

Martxoaren 20an askatasun murrizketen aurka Baionan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute elkarteek.