argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileen egunaren harira mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan
  • Bazterketa, klasismoa, murrizketa sozialak, arrazakeria soziala eta instituzionala eta atzerritarren legea salatzeko elkartuko dira Hego Euskal Herriko kaleetan. NBEk Migratzailearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen eguna baliatuko dute indarkeria koloniala eta arrazista salatzeko.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko abenduaren 18a
Argazkia: Ecuador Etxea

Pertsona migratuen kolektiboek elkarretaratzea deitu dute abenduaren 18an, ostirala, Bilboko Udalaren aurrean. 19:00etan deitu dute protesta, “Sin vias seguras, emigrar #TambiénEsViolencia colonial #RegularizaciónYa” (“Bide segururik gabe, migratzea ere indarkeria koloniala da #ErregularizazioaOrain”) lelopean.

Egingo dituzten exijentzien artean, ondokoari zentraltasuna eman diote: “Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen diegu: berehalako erregularizazioa, betierekoa eta baldintzarik gabekoa, migratzaile guztientzat; mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonak zaintzen dituzten langileak legalki aitortzea; eta Atzerritarren Legearen indargabetzea.

Ez dute ausaz aukeratu abenduaren 18a salaketak eta aldarrikapenak egiteko. Azaldu dutenez, 2000. urteko abenduaren 18an Nazio Batuen Erakundeak egun hori izendatu zuen Migratzailearen Nazioarteko Egun gisa, migratzen duten pertsonen giza eskubideak babesteko. “Gaur, hogei urte beranduago, pertsona migratzaileek ez daukate aske mugitzeko eskubiderik, beren zeharkaldian mota askotako indarkeria pairatzen dituzte, eta baita helmugako herrialdeetan ere, jazarriak eta kriminalizatuak izan ohi baitira”, salatu dute. Horregatik erabaki dute Bilbon elkarretaratze antiarrazista eta antikoloniala deitzea, Euskal Herriko pertsona migratu eta arrazializatuen kolektibo eta erakundeen izenean. Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias, Bizkaiko Migratzaileen Elkarteen Federazioa, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea, Sierra Maestra, Euskal Herriko Mugimendu Antiarrazista, Mugarik Gabeko Migratuak, Acabiz, Bizkaiko Erregularizazioa Orain! Plataforma eta Nikaraguaren Aldeko Feministak dira deitzaileak.

Salatu dute Europak milioika euro bideratzen dituela mugak ixtera, eta ondorioz “harrera” herrialdeek indarkeria arrazista normalizatu egin dutela. Azpimarratu dute Espainiako Estatuan 600 mila migratzaile baino gehiago daudela egoera irregularrean, horrek dakarrenarekin: “Muturreko prekarietate baldintzetan lan egitea, kasik existitzen ez diren eskubide sozial eta lan eskubideekin, eta horietako asko kondenatuz lan esplotaziora, gehienbat mendekotasuna duten pertsona nagusien zaintza lanetara, etxeko edo garbiketa lanetara, eta nekazaritzara”.

Hori horrela, salatu dute ez dela nahikoa justuak ez diren legeak salatzearekin, eta ondokoa aldarrikatu: gaitzetsi egin behar dela politika arrazista oro, eta konpromisoak hartu behar direla migratzaileak kaltetzen dituzten politikei aurre egiteko –besteak beste, eragiten dituztenak migrazioaren kontrola, deportazioak, indarkeria poliziala, zaintzak kentzea edota prekarietatea–.

Gasteizen arrazakeriaren aurkako eragileek mobilizazioa 19:00etarako deitu dute, postetxearen aurrean. Iruñean, ordea, abenduaren 20an, igandez, 12:00etan, Vergel pasealekutik Sarasateraino egingo den kalejira.

Aurtengoan Kanariar Uharteetako egoerari modu berezian begiratuko zaio, Iruñeko deitzaileek adierazi dutenez. Migrantearen aldeko mobilizazioen deitzaileen esanetan, uharte horiek Afrika dira, baina, "horra paradoxa, afrikarrei ez zaie uzten bertara sartzen. Milaka turista hartzen dituzten irlak dira, baina ez dituzte migratzaileak hartu nahi. Errealitate honek agerian uzten ditu jokoaren arauak: XXI. mende honetan migratzeko eskubidea duzun diruaren araberakoa da".