argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileen berehalako kaleratzeak salatuko dituzte Bilbon eta Iruñean
  • Edozein migratzailek legez izan beharko lituzkeen eskubideak eta bermeak errespetatu gabe Espainiako Gobernuak egiten dituen berehalako kaleratzeak salatuko dituzte irailaren 5 arratsaldez, Bilbon eta Iruñean. Abuztu bukaeran, Marokorekin 1992an sinaturiko akordio bat erabili zuen Espainiako Gobernuak, Ceutako hesia gurutzatu zuten 116 migratzaileak modu kolektiboan eta berehalakoan kanporatzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko irailaren 05a

Estatu berrira iritsi den pertsonari legez dagokio, besteak beste, aholku juridikoa eta itzultzailea bermatzea edota egoera berezian ote dagoen aztertzea (adin txikikoa bada, nazioartearen babes eskatzailea bada edo giza-salerosketaren biktima bada, adibidez, ezin dutelako jaioterrira itzularazi). Hori guztia egin dela dokumentatu eta frogatu beharra dago, norbait kanporatu aurretik. Eta gainera, herrialdetik kanporatuz gero, jaioterrira (edo bidaia hasi duen herrialdera) itzultzen dela bermatu behar da, baina Espainiak Marokora bidaltzen ditu denak. Zaila da sinestea prozedura betetzen denik berehalako kanporatze kolektiboetan. Horregatik, kanporatze horiek legez kanpokoak direla nabarmendu dute deialdiak antolatu dituzten erakunde eta elkarteek.

Horri gehitu behar zaio, Marokon migratzaileek jasotzen duten tratu tamalgarria maiz kritikatu dutela nazioarteko erakunde sozialek. Pertsona hauen eskubide oinarrizkoak urratzen direla salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte Espainiako Estatuko hainbat hiritan, irailaren 5ean. Euskal Herrian, Bilbon 19:00etan egingo dute manifestazioa, Plaza Eliptikoan; Iruñean berriz, 20:00etan, Gaztelu Enparantzan.

Bestelako migrazio politika aldarri

Egungo migrazio politika salatzeaz gain, Atzerritarrentzako Legea guztiz aldatzea ere eskatzen dute antolatzaileek: besteak beste, legalki migrazioa ahalbidetzea eta asiloa eskatzeko prozedura erraztea eta bermatzea nahi dute.