argia.eus
INPRIMATU
Larrialdi egoera Mexikorekin mugan: migratzaileen aurkako ehiza abiatu du Trumpek
  • "Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin amaitu ere.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urtarrilaren 20a

Bigarren eta azken agintaldia izango du Donald Trumpek AEBetako presidente gisa, legez ezin baita hirugarren aldiz aurkeztu. Hortaz, espero daitekeen gisara, neurririk zitaletan zitalenak ipini ahal izango ditu, baita herritarren gehiengoa aurka ipiniko balitzaio ere, ez baita berriz presidente izango. Botere osoa du, baita momentuz Auzitegi Goreneko ordezkaritzan ere; errepublikanoak dira nagusi.

Ikusmina zen nagusi Trumpen kargu hartze ekitaldirako, esana baitzuen datozen urteetako bere administrazioaren politiken gidalerroak emanen zituela. Hala izan da, lehen zertzeladak eman ditu.

Jarraian aztertuko ditugu, zazpi puntutan:

1/ Deportazio plana

"AEBen burujabetza bueltan da", esanez hasi du hitzaldia Trumpek, eta "segurtasunaz" mintzatu da lehen-lehenik. Mexikorekin muga egiten duten AEBetako estatuetan larrialdi egoera ezarriko duela hitzeman du, eta Gera zaitez Mexikon "kanpaina" abiatu.

Presidente berriaren arabera, gaur egungo migrazio-politiken "oinarrian" dagoen catch and release deituriko politika "amaitu egin behar da". Aisialdiko arrantzan usu entzuna den terminoa da, "harrapatu eta askatu"; izan ere, bere esanetan, migratzaileak atxilo hartu bai, baina AEBetan segituan aske uzten dira.

Poliziaren presentzia nabarmen areagotu da migratzaile gehien bizi diren auzoetan

Mexikorekin muga egiten duten estatuetan ipini du fokua, baina kargu hartze ekitaldia baino lehen, ipar-ekialdean, Illinois estatuko Chicago hirian, azken astean "kaosa" lehertu da The New York Times-ek igandean eman zuen informazioaren arabera. Izan ere, susmoa zegoen lehen deportazioak –Operation Safeguard deitu diotena– handik abiatuko zirela, antza Poliziaren presentzia ere nabarmen areagotu da, eta hainbat migratzailek, edo haien egoera administratiboa era irregularrean zutenek, hiria utzi dute azken egunotan korrika eta presaka.

Bestalde, "migratzaileen pare" ipini ditu droga-trafikoan aritzen direnak. Are, "herrialdearen etsai" izendatu ditu, eta promes egin du "estatuaren indar guztiak" erabiliko dituela delitugileak zigortzeko eta herrialdetik "betirako kanporatzeko".

2/ Energia berriztagarriak, bazterrera

Green New Deal gisa bataiatu zuen Joe Bidenek energia berriztagarrien aldeko politika-multzoa. Bada, espero zen gisara, indargabetu egingo du Trumpek: "Parke eoliko masiboek paisaia naturala degradatu besterik ez dute egiten, eta estatubatuarrei ez diete balio energia eskuratzeko".

Erregai fosilen alde, modu iraingarrian, Biden parean zuela, honela esan du: "Lurra zulatzera goaz, baby, lurra zulatzera".

"Lurra zulatzera goaz, 'baby', lurra zulatzera"

Besteak beste, lurra zulatzearen politika horiek agindu ditu Pennsylvania, Michigan eta Wisconsin estatuetan, eta konplitzera doala argi utzi nahi izan du. Diskurtsoan azpimarratu duenez, manufaktura-industria "nabarmen kaltetu dute fartsa-politikek", hau da, energia berriztagarrien aldeko neurriek, eta industria hori hauspotzeko manera bakarra erregai fosilen muturreko esplotazioa dela seinalatu du, gainbeheran den automobilgintzari keinu eginda: "Nahi duzun autoa eros dezakezu". Gehien kutsatzen duten autoak apurka-apurka merkatutik baztertzeko asmoa zuen Bidenen administrazioak, eta hori indargabetuko du Trumpek.

Bestalde, arropa eta ontzi garbigailu, bonbilla eta komunontzi berriek ingurumen ziurtagiria izateko derrigortasuna zuten orain arte, eta hori ere baliogabe utziko du. Izan ere, klimari buruzko Parisko Akordiotik aterako du AEB.

3/ Muga-zergak?

Etsaitzat dituen herrialdeei %100eko muga-zergak ipiniko zizkiela, AEBekin tratuak egiten zituztenei gutxiago –tratuak egite horretan sartzen da erregaia AEBei erostea eta ez Errusiari edo Aljeriari–... Halako kontu ugari entzun zaizkio Trumpi kanpainan, baina oraindik ez du argitu zer egingo duen zehazki. Oraindik, muga-zerga handirik ez du ipiniko.

Argi adierazi du, besteak beste, produktu faltsifikatuen aurkako jarrera hartuko duela; galarazi egingo duela AEBetan ekoitzitako produktuen plagio merkeak, "plagio txinatarrak", AEBetan saltzea.

Esportazioentzat zerga-sistema berezi bat ezarriko duela jakinarazi du Trumpek, zeinak erosle diren herrialdeei exijituko dien enpresa estatubatuar esportatzailearen zergak ordaintzea.

4/ Panamako kanala, "bai ala bai"

AEBen menpe egon zen Panamako kanala gaur egun Panamak berak kontrolatzen du. Bada, Trumpen esanetan, ontzi estatubatuarrei "injustuki gehiegi" ordainarazten zaie bertatik igarotzen direnean, "Txinak hala nahi duelako". Horrekin amaitzeko konpromisoa adierazi du, "aldez edo moldez kanalaren kudeaketa berreskuratuta".

Bestalde, hauteskundeak irabazi ostean jakinarazi bezala, Mexikoko Golkoari izena aldatuko diola ere esan du: Amerikako Golkoa.

Indultua Kapitolioko oldarraldiaren egileei

Lehen dekretuak sinatu ez ezik, indultu sorta galanta sinatu zuen Donald Trumpek kargua hartu eta gutxira. Bidenek presidente kargua hartu zuenean, 2021eko urtarrilean, Kapitoliora brinkoka eta oldartuta sartu ziren Trumpen aldeko manifestariak, eta horietako asko zigortu zituzten auzitegiek: 1.500 pertsona inguru.

Espetxean daude ugari, eta zenbaitzuk hogei urtera arteko zigorrak zituzten konplitzeke. Bada, Trumpek ziegatik aterako dituen indultua sinatu du, "bahituak" zirelako bere esanetan, inoiz zigortu behar ez zirenak.

5/ Funtzionarioak, lantokira

Etxetik lan egitea ez dela produktiboa uste du Trumpek, baizik eta kontziliazioaren izenean iruzurra egiten dela, eta, besteren artean horrexegatik ari dela AEBetako ekonomia gainbeheran.

Kanpainan hitzeman bezala, hori amaitzea du xede. Gehienez ere egun bat egingo dute etxetik, eta kasu batzuetan egunero-egunero, "salbuespenik gabe", joan beharko dute lantokira.

6/ Adierazpen askatasuna "berreskuratu", baina "generoak dira bi eta ez gehiago"

Pertsona transexualen eta ez-bitarren eskubideak deuseztatuko zituela, hitzeman bezala, konplitu egingo duela esan du Donald Trumpek presidente kargua hartu duen hitzaldian. Ez du gehiago sakondu, hau esatetik harago: "Generoak? Bi dira. Gizona ala emakumea. Ez gehiago".

"Generoak? Bi dira: gizona ala emakumea. Ez gehiago"

Handik gutxira esan du bere iritziko adierazpen askatasunari buruz esateko zeukana: "Adierazpen askatasuna behin betiko bermatuko duen lege bat sinatuko dut. Inoiz ez da galaraziko edonolako adierazpen publikorik; lehen eskutik ezagutzen dut nik zer den hori".

Beste planeta bateko diskurtsoa zirudienak, gero, beste planeta batean amaitu du: "Marte planetan AEBetako bandera ipiniko dugu". Elon Musk enfokatu du kamerak orduantxe; beraren eta bere enpresaren erronka horixe da "epe motzerako".

Muskek gero, bere hitzaldian, agur nazia egin du.

7/ TikToki luzapena

TikTok sare soziala legez kanpokoa da AEBetan, argudiatuta ez direla haurren eskubideak bermatzen eta babesten. Ezta Instagramen ere, esaterako. Baina horrek ez dio gehiegirik axola, Instagram, Facebook eta Whatsapp-en jabea Meta enpresa estatubatuarra delako, eta TikTokena txinatarra.

Trumpek luzamendua eskaini dio TikToki: 75 egun eman dizkie enpresari estatubatuarrei TikTok erosteko, eta hartara legezko bihurtzeko AEBetan.

Joe Biden: azken indultuak, bere familiari

Azken-azken unera arte, Joe Biden presidenteak hainbat indultu sinatu ditu, Trump presidente berriak pertsona horien aurka jotzea legez galarazita izateko. Besteak beste, kargu hartze ekitaldia baino ordubete lehenago, bere familia osoa sartu du zerrenda batean eta sinatu du dokumentua. Baina beste hainbat indultatu ditu lehenago.

Esaterako, Mark Milley armadako jeneral ohia, "faxista" deitu ziona Trumpi; Anthony Fauci medikua, COVID-19aren pandemian Trumpi hainbat lezio eman zizkiona; makina bat senatari ere bai, ikertzen ari zirenak ea Trumpek Kapitoliora eginiko oldarraldian zer nolako ardurak izan zituen; eta, besteak beste, Liz Cheney parlamentari errepublikanoa, Trumpen "traidorea", Kamala Harris babestu zuena joandako hauteskundeetan.