argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileen aurkako beste lege bat onartu dute Italian
  • Italia koalizioan gobernatzen duten Bost Izarren Mugimendua eta Liga alderdiek astelehenean onartu dute Matteo Salvini presidenteordearen neurriak lege bihurtzea. Mediterraneoan jendea erreskatatzen duten GKEei milioi bat euro arteko isunak eta kartzela zigorrak ezartzea baimentzen du legeak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 07a
Migratzaileak Italiara daramatzan ontzia.

Barne gatazka handi baten ondoren, adostasunera heldu dira Italia koalizioan gobernatzen duten bi alderdiak, migratzaileak laguntzen dituzten GKEen aurkako zigorrak handitzeko. Hala, “Italian baimenik gabe” sartzen diren ontziak atxikitzeko erraztasun handiagoa izango du armadak eta Poliziak, eta erantzuleak gogor zigortuko dituzte: kartzela zigorrak eta milioi bat euroko isunak ezarri ahalko dituzte epaileek.

Gobernuak Matteo Salvini presidenteordeak hartu zituen neurri eta araudiak konfiantza-moziora aurkeztea; tramite honek legea onartzeko denborak laburtzeaz gain, oposizioak emendakinak egitea ekiditen du. Liga Matteo Salviniren alderdiaren gertukoak diren Forza Italia eta Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarrek ez dute bozkatu, eta Alderdi Demokratikoak aurka bozkatu du, “Ez dezagun gizatasuna galdu” zioten kamisetak jantzita.

Koalizioaren barne gatazkak

Bost Izarren Mugimenduak eta Liga alderdiek osatzen duten koalizio-gobernua Europako heterogeneotarikoa da. Hau dela eta, hasieratik desadostasun asko izan dute, migrazio-politiken inguruan batez ere. Bost Izarren Mugimendua da bi alderdietatik bozka eta ordezkari gehien dituena, baina Matteo Salvini Ligako buruzagiak hainbat neurri hartu ditu, migrazio-politikan batez ere, barne-kohesioa hautsi dutenak.

Bi alderdi hauetako bost senatarik hartutako erabakia barne-hausketa honen adibide garbi da, bozketara ez agertzea erabaki baitzuten.