argia.eus
INPRIMATU
“Migratzaileekiko elkartasuna kriminalizatzeko epaiketarik handiena” gelditu dute Grezian
  • Lesboseko uhartera iristen diren pertsona migratzaileei laguntzeagatik 24 ekintzaile epaitzen ari da Lesboseko auzitegia. Dokumentuak faltsutzea eta espioitza delituak egozten dizkiete, baina epaiketa prozesuko akatsak direla eta, geratu egin dute epaiketa, ostiralean. Haien aurkako beste auzibideek irekita segitzen dute, eta 20 urterainoko kartzela zigorrak izan ditzakete.

Leire Artola Arin 2023ko urtarrilaren 16a
Lesbosen lan egiten duten ERCI gobernuz kanpoko erakundeko kooperanteak ari dira epaitzen. / Argazkia: ERCI.

Emergency Response Center International (ERCI) gobernuz kanpoko erakundeko 24 pertsonaren aurkako epaiketa bertan behera uzteko eskatzen aritu dira zenbait GKE, horien artean Amnesty International; NBEk ere eskatu du. Prozesuak gabezia asko dituela salatu dute, besteak beste, atzerriko akusatuentzako dokumentuak itzuli gabe zeudela, Publico hedabideak jakinarazi duenez. Human Rights Watchek ohartarazi du Poliziaren txosten batzuek ziotela akusatuetako batzuek parte hartu zutela erreskate lan batzuetan, “akusatuak Grezian ez zeuden datetan”. Akats horiengatik geratu dute Lesboseko epaiketa hori.

Kooperanteen aurkako epaiketa Europan emandako “elkartasunari egindako kriminalizazio kasurik handiena” dela salatu zuen Europako Parlamentuak 2022ko uztailean, txosten batean. “Kriminalizazioa ikusi behar da atzerapen gisa gizarte zibilaren aurka, zeina estatuek egiten ez duten lana egiten ari baita”. Fenix GKE ari da auziperatuen defentsa bideratzen, eta salatu dute “hil ala biziko” kontua dela epaiketa: “Langile humanitarioen aurkako kriminalizazioak eragingo du asilo eskaera egiten dutenen bizitzen galera”.

20 urterainoko espetxe eskaera

Epaiketa gelditzeko erabakia begi onez ikusi dute GKEek, baina oraindik zenbait auzibidek irekita segitzen dutela gogorarazi dute. Lesboseko Fiskaltzak 20 urterainoko espetxe zigorra eskatzen du kooperanteentzat, “atzerritarrei legez kanpo herrialdera sartzen laguntzea, erakunde kriminal baten parte izatea eta kapitala zuritzea” egotzita.

Sarah Mardini siriarra eta Sean Binder irlandarra dira akusatuetako bi, eta biek Greziako espetxe batean igaro zituzten hiru hilabete 2018an, lan humanitarioa egiteagatik. Espioitzan eta pertsonen salerosketan aritzea leporatzen zizkieten.

Mardini Siriako errefuxiatua da, igerilari profesionala, eta 2022an estreinatutako “Igerilariak” pelikula haren historian oinarrituta dago. Siriatik Lesbosera ontzi batean egin zuten bidaia Yusra eta Sarah Mardini ahizpek, ihesean zihoazen beste 18 pertsonarekin, eta ahizpek ontzia igerian bultzatuz eraman zutelako iritsi ahal izan zuten portura. Ordutik kooperante gisa egiten du lan Mardinik, eta horrexegatik ari dira epaitzen.