argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileek salatu dute gurutze bat marraztuz markatu, umiliatu eta jo egin dituela Kroaziako poliziak
  • “Buruan eta aurpegian gurutze gorri eta laranjak marraztu zizkiguten sprayarekin. Arropa eta zapatak kenduarazi, gure dirua eta mugikorrak lapurtu eta ilaran jarri gintuzten. Borraz eta makilaz jo ziguten. Ondoren, mugan dagoen ibaira bota gintuzten eta ez itzultzeko esan ziguten. Ibaia gurutzatu eta Bosniako lurretan ginenean ere, Kroaziako poliziak tiro egin zuen zazpi aldiz”. Latza da migratzaileek egin duten salaketa.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko ekainaren 02a
Danish Regugee Council

Maiatza hasieran gertatu zen, baina orain ari dira ñabardurak argitara ateratzen. Kroaziako poliziarengandik 30 bat migratzailek jasotako tratu txarrak kontatu dizkiote Danish Refugee Council (DRC) gobernuz kanpoko erakundeari. Migratzaile gehienak Pakistan eta Afganistangoak dira eta tartean bada adin txikikorik. The Guardianek jaso du salaketa.

Hori guztia egin bitartean, poliziak barrezka eta txantxetan ari zirela eta garagardoa edaten ari zirela azaldu dute biktimek.

Kroaziako Gobernuko Barne Ministeritzak oharra atera du, salaketa horiek gezurtatuz, nahiz eta ikerketa abiatuko dutela iragarri. Oharrean aditzera ematen du migratzaileek “testigantza faltsuak” eman dituztela “beren helburuak lortzeko”.

Aurrekariak

Kroaziatik Bosniara bortxaz itzularazi dituzten migratzaileen kasuak ugariak dira. Apirilean bakarrik, 1.641 kasuren berri eman zuen DRC erakundeak. Horietatik gehienek salatu dute Kroaziako poliziak euren gauzak lapurtu eta erre egin dizkietela eta erdiak baino gehiagok azaldu du eraso fisikoak jaso dituztela.

Europar Batasunari presioa

Eurodiputatu batzuk presioa egiten ari dira Bruselan, salatu diren erasoak ikertu daitezen. Horretarako batzorde bat lehenbailehen sortzea eskatu dute.