Azken hilabeteotan ikastetxe ugari gerturatu dira Irunera, bertako Harrera Sarearen laguntzaz bidean diren migratzaileen errealitatea ezagutu asmoz. Ikasleei inpaktu handiena sortzen diena poliziak hartua duen muga bera dela kontatu digute Irungo Harrera Saretik.
Ikastetxeetan aspalditik dago presente Irungo Harrera Sarea, ikasleei migrazioaren errealitateaz hitz egitera joaten urteak baitaramatzate, baina ikasturte honetan bestelako proposamena jaso zuten Hernaniko institututik: Irunera bertaratu nahi zuten ikasle-irakasleek. Aurretik, lanketa egina zuten, tartean Hernaniko Amher elkartearekin, eta inportantea iruditu zaio Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko kideari, "beldur apur bat ematen zigulako hau nolabaiteko atrakzio-parke bihurtzea, ‘goazen migratzaileak ikustera’". Hori hala ez izatea zaintzen du Sareak.
Hernaniko ikasleekin, "saiatu ginen azaleratzen migratzaileen egoera, nola etortzen diren eta zer suposatzen duen Irunera iristeak. Batxilergoko ikasleak ziren eta esan genien euren adineko jendea ere ailegatzen dela, hein batean egoera horretan jarri zitezen". Irungo tren geltokira hurbildu eta ikasleak migratzaileen azalean ipini zituzten: "Non zaudete eta zein dira aurrera egiteko dituzuen tresnak?". Adibidez, nabarmendu zuten mugikorrak zeinen inportanteak diren ibilbide honetan, "ezjakintasunetik maiz egiten den komentario mingarria baita ‘begira, mugikorrak dituzte, migratzaile hauek ez dira hain pobreak’", dio Galardik.
Harrera Sarearen beste borroka bat ere helarazi zieten ikasleei: bidean diren migratzaileek gaua pasatzeko aterpetxeetan jende bat kalean uzten dutela, baldintzak betetzen ez dituztela argudiatuta. "Profil batzuk deskribatu genizkien eta galdetu genien: zuen ustez zein hartuko dute eta zein ez aterpetxean?".
"Profil batzuk deskribatu genizkien eta galdetu genien: zuen ustez zein hartuko dute eta zein ez aterpetxean?"
Mugan hesiak, polizia eta identifikatutako ikasleak
Hernaniko ikasleekin egin moduan jardun dute ondoren etorri diren ikastetxeekin ere, eta lau ordu inguruko bisitan Frantziako eta Espainiako estatuen arteko muga bisitatzera joaten diren unea izaten da ikasleei inpaktu eta arreta gehien eragiten diena, Oihana Galardiren esanetan. "Gazteek adibidez hesiak mugitu zituzten eta poliziaren jarrera oldarkorrak harritu zituen, jendarmeek oihu egin zietelako hesiak astintzeagatik". Talderen batekin egindako dinamika ere aipatu digu Galardik: azal iluna duen ikasle batek berak bakarrik gurutzatu zuen muga, eta dokumentazioa eskatu zion Frantziako Poliziak, ez ordea atzetik joan ziren gainerako ikasleei.
Azal iluna duen ikasle batek berak bakarrik gurutzatu zuen muga, eta dokumentazioa eskatu zion Frantziako Poliziak, ez ordea atzetik joan ziren gainerako ikasleei
Irun, Hendaia, Bera, Baiona, Bilbo eta Iruñea aldeko ikasleak izan dituzte hilabeteotan, baita Deustun solidaritatearen kriminalizazioaz masterra egiten ari diren ikasleena ere. Halere, bisita hauek ez daude Harrera Sarearen programan, bai ordea ikastetxeetara hurbiltzea. Elkarrizketa egin diogun egunean bertan, Irungo Toki Alai eskolara doa Galardi, migrazioaren ertz ugariez ikasleekin solastatzera. "Gaurkoa berezia da gainera, ikasleek UNESCOren 'Emaidazu bizitza minutu bat' lehiaketan saria irabazi dutelako eta erabaki dutelako sariaren dirua Irungo Harrera Sareari ematea".