Atxondo Harrera Herria sareak gogoratu du migratzaileek asteak daramatzatela aterpetxean ezin sartu eta udalak eman dien arrazoia dela aterpetxeak ikuskaritza pasa behar duela, txosten bat prestatzen ari direla eta horregatik ezin dela erabili. Galdera eta kezka ugari ditu Harrera Herriak.
Inspekzioari lotutako txostena heldu arte, Axpeko aterpetxea erabiltzea eskatu dio Harrera Herriak alkateari, “gure erantzukizupean, kalean egotea baino egoera duinagoa delako gure ustetan. Etxe hori bizitzeko moduan dago, duela egun batzuk ume sahararrak eta Harrerako mutilak bertan izan baitira”.
Errezeloz ikusi dute alkatearen argudiaketa: “Non ikusi da, inspekziorako txosten bat eskatu behar izan den kasuetan norbera bere etxetik atera behar izatea? Alkateari ere informazioa eskatu diogu, eskaera zuzen bat egin diogu; txosten horren egoera zein den jakin nahi dugu, ea eskatuta dagoen eta zenbat denbora aurreikusten duten erantzun bat emateko, bitartean Harrerako mutilak non sartu pentsatzen hasi behar baitugu”.
Mobilizazioa ostiralean
Uneotan, zazpi dira aterpetxea baliatu nahi duten migratzaileak: Sadic, Omar, Dame, Modu, Bouba, Souffiane eta Yassin. “Zer gertatuko da Harrerako mutilekin?”. Are gehiago, Harrera proiektua bera kolokan ikusten dutela diote, eta hori guztia salatu eta proiektuari eta aterpetxeko erabiltzaileei elkartasuna adierazteko mobilizazioa deitu dute ostiral honetan, 18:30ean udaletxe azpian.
Atxondo Harrera Herriak gogoratu du Migraziorako Euskal Itun Sozialean jasotako konpromisoa dela “zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileentzat behar diren baliabideak eskaintzea”, eta Atxondoko Udalak ere sinatua duela ituna.
Harrera Herria 2018an jaio zen, Euskal Herrira heltzen diren migratzaileei harrera duina eskaintzea helburu, eta borrokan segitzeko “milaka arrazoi” dituzte, “kalean egunero gaua pasatzen duten pertsonak beste”.