argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileak Ruandara deportatzea galarazi dio Erresuma Batuari Giza Eskubideen Europako Auzitegiak
  • Londrestik Ruandara joan behar zen hegazkina hutsik geratu da Giza Eskubideen Europako Auzitegiari esker eta hegaldia bertan behera utzi dute.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 15a
Ruandara migratzaileak ez bidaltzeko protesta. Argazkia: @StpDeportations Twitterren.

Ekainaren 14ean irten behar zen Londresetik hegazkin bat, Erresuma Batuan babesa eskatu zuten migratzailez betea. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren esku-hartzearen ondoren ordea, hegaldia ez zen atera, ez baitzegoen nor sartu hegazkinean.

Migratzaileen eskubideen defentsan diharduten talde batzuek, Care4Calais kasu, hainbat lege-errekurtso abiarazi zituzten hegazkina geldiarazteko, Londresko Apelazio Auzitegiak atzera bota zuen errekurtso bat barne. Hainbat dozena babes-eskatzailek haien hegazkin-txartelak ezeztatzen ikusi zituzten, Care4Calais erakundearen arabera; ondorioz, ekainaren 14an zazpi pertsona baino ez zituzten deportatu behar.

Hala ere, hegazkina irtetea espero zen gau berean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hainbat epai eman zituen azken babes-eskatzaileen kasuei buruz, eta gobernu britainiarrari agindu zion ez zitzala kanporatu.

Nahiz eta Erresuma Batua Europar Batasunaren barruan ez egon, oraindik ere Giza Eskubideen Europako Auzitegien parte-hartzailea da. Hala ere, The Times egunkariaren arabera, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak aipatu du Giza Eskubideen auzitegitik irtetea posiblea dela, eta aukera hori pentsatzen ari dela Erresuma Batuko gobernua migratzaileak kanporatzeko.