argia.eus
INPRIMATU
Askatu dituzte Hendaiako zazpi atxilotuak, baina urtarrilean epailearen aitzinean agertu beharko dira
  • Hendaiako komisarian deklaratu dute asteazken goiz honetan, eta segidan atxilotu dituzte, martxoaren 14an Korrika Irundik Hendaiara iragan zen egunean “talde antolatuan migratzaileak Frantziako Estatuan sartzen laguntzea” leporatuta. Zazpi herritarren aldeko mobilizazioa egin dute lagun ugarik polizia-etxe aurrean, elkartasuna ez dela delitua aldarrikatzeko. Arratsaldean askatu dituzte, baina, Berria-k jakitera eman duenez, Baionako auzitegiko epailearen aitzinera agertu beharko dute urtarrilaren 28an.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urriaren 02a
Hendaiako komisaria aurrean, deklaratzear. Aimar Lopez Erasun / Antxeta Irratia

Zehazki, Hendaiako migratzaileen legez kanpoko trafikoaren kontrako bulegoan deklaratu dute zazpi kideek. Komisaria kanpoan, lagun ugari mobilizatu dira (200 bat, Antxeta Irratiko esatariaren arabera, 300 inguru, Euskadi Irratian adierazi dutenez), zazpi herritarrei babesa emateko. Deklaratu eta gero atxilotu dituzte. Handik ordu batzuetara aske utzi dituzte, baina urtarrilaren 28an epailearen aintzinean pasa beharko dute.

LAB sindikatuak argitu duenez, "beste herrialde batzuen herritarrei zuzenean edo zeharka mugaz gaindiko lasterketa batean parte hartzen laguntzeagatik (Korrika), Frantzian 36 pertsona atzerritarri sarrera, zirkulazioa edo egonaldi irregularra errazteagatik”, deitu dituzte militanteak. Horien artean daude LABeko bi kide; zehazki, Ipar Euskal Herriko bozeramaile Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi.

“Irregularrak” diren pertsonak laguntzen dituztenen aurkako polizia-jazarpena areagotzen ari da Irun-Hendaia aldean, salatu dutenez. Horren aurrean, guztion zirkulazio askea bermatu dadila eta mugak behin betiko ireki ditzatela eskatu du hainbat eragilek.

Guztiok jomugan

Asteazken goizean, 8:45ean deitua zuten mobilizazioa. Deitzaileen hitzetan, “errepresio” hori edozeinek jasan dezake etorkizunean. “Guk segitzen dugu ozenki errepikatzen elkartasuna ez dela delitua eta inor ez dela ilegala”, eta horregatik, “Europatik datozen migrazio politiken kontra” egiteko ere aprobetxatuko dute mobilizazioa, komisariara deitu dituzten Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendik adierazi dutenez.

Hendaiako komisaria aurrean, deklaratzear. Aimar Lopez Erasun / Antxeta Irratia

Lagun ugari bildu dira protestan, 80 eragilek babestu duten mobilizaziora, tartean  hainbat elkarte, sindikatu eta alderdi politiko. Sinatzaileen artean dira, besteak beste, Aita Mari, Amher, Artea sarea, Attac Pays Basque, Atxuri Harrera Sarea, Bake Ekintza Antimilitarista, Bidasoa Etorkinekin, Bilgune Feminista, Bizi, Ehun, Irungo Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak, Mboolo Moye Dole Plataforma, Mugak Zabalduz, SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Txago Gipuzkoa (polizia gehiegikerien aurkako taldea).

"Guk segitzen dugu ozenki errepikatzen elkartasuna ez dela delitua eta inor ez dela ilegala"

“Ez laguntzeak izan behar luke delitu”

Berriki, migrazio bidean direnak laguntzen dituen herritar batekin hitz egin du ARGIAk, eta elkartasuna kriminalizatzearen inguruan ere galdetu diogu. Bere esanetan, “hain justu, ez laguntzeak izan behar luke delitu. Auto-istripuetan edota espaloian zaurituren bat ikusiz gero laguntzera edo larrialdietara deitzera derrigortuta gauden gisan, kasu honetan ere hala behar luke legez”.

“Benetan laguntza behar duenari lagundu beharra sentitzen nuen, bihozgabea iruditzen zitzaidan jendea egoera horretan ikusi eta ez ezer egitea, itsasoan norbait itotzen ikusi eta salbamendu-uztaia botako ez banie bezala. Beste hainbat tokitan bezala, elkartasun sarea sortu da Bidasoa alde honetan”, kontatu du elkarrizketatuak. “Duela ez hainbeste, guri egokitu zitzaigun erbestera joan behar izatea, eta beharbada etorkizunean ere, guri, gure seme-alabei edo bilobei beste norabait alde egitea egokituko zaie, eta gustatuko litzaidake norbaitek modu berdinean laguntzea, aurkitu dezatela jendea berdinetik berdinera tratatuko dituena, paperak izan edo ez izan”.