argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileak Gipuzkoatik Lapurdira eramaten zituzten bi mafia atzeman dituzte
  • 200 euro inguru kobratzen zieten Irungo muga administratiboa zeharkatzen laguntzeagatik. Espainiako Polizia Nazionalak hamabost pertsona inguru atxilotu ditu operazioan.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 24a
Argazkia: Wikimedia Commons

Espainiako Polizia Nazionalak bi erakunde kriminal desegin ditu, migratzaileak Gipuzkoatik Lapurdira gurutzatzen aritzen zirenak, elDiario.es atariak aditzera eman duenez. Lagun bakoitzari 200 bat euro kobratzen zizkioten muga zeharkatzen laguntzeagatik. Azken urteetan Frantziako poliziak hainbat kontrol ezarri eta "itzulketa beroak" delako prozedura irregularrak egin izan ditu ordea, Schengen espazioaren igarobide bat izan arren. Informazio polizialaren arabera, hamabost dira atxilotuak eta ehunka, berriz, migratzaile kaltetuak.

“Baztan” izendatu dute operazioa, ikerketa Nafarroako eskualdean hasi baitzen, etorkinak modu irregularrean eramaten harrapatu zuten pertsona baten atxiloketarekin. Dena den, urteak dira Irun-Hendaiako muga administratiboan mafiak daudela. Espainiako Poliziak egiaztatu duenez, "migratzaileak pateran iristen ziren Espainiako kostako hainbat tokitara", eta Marokotik atera aurretik ere mafia horiek "Espainiako Estatutik Frantziako Estatura eramateko promesarekin harrapatzen zituzten, 200 euro inguruko kopuruen truke".

Ikerketak frogatu duenez, erakunde horiek, Irun-Hendaian ez ezik, inguruko hirietan ere jarduten zuten, hala nola Bilbon (autobus-geltokian ohikoa zen mugaz gaindiko gaueko ibilbideetan esku hartzea), Gasteizen, Donostian, Nafarroan edo Madrilen. "Etorkinak jasotzen zituzten laguntzaileak zeuden, eta tren zein autobus txartelak ematen zizkieten Irun-Hendaiara joateko". Han, mugan, Frantziako Polizia Nazionalaren kontrolak saihestu eta gurutzatzea "errazten" zuten. Talde batek autoetako pasabideak aukeratzen zituen, eta beste batek Baionara joateko garraio publikoa. Han, Frantziako edo Europako beste toki batzuetarako bidea egiteko txartelak lortzen saiatzen zen erakundea.

Guztira hamabost dira atxilotuak. Espainiako Poliziaren arabera, bi taldeen buruak eta beste hamahiru pertsona atxilotu dituzte. Atxiloketak Bilbon (6), Gasteizen (3), Madrilen (3), Irunen (2) eta Lleidan (1) izan dira. Agenteek 3.000 euroko eskudirua, ibilgailu bat, 24 mugikor eta bestelako material informatikoa eta dokumentazioa ere atzeman dituzte.