Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela gaineratu du.
Segurtasun ezaren diskurtsoa ez zaigu arrotza, indar handiz zabaltzen ari baita han-hemenka, eta migratzaileak delinkuentziari lotzea ere politikari eta hedabide zenbait hedatzen ari diren mezua da. Jean-Marie Girien Pirinio Atlantikoetako prefeta izan da hori egiten azkena, eta baieztapen hori argudiatzeko adierazi du pasa den urtarrilean Ipar Euskal Herrian egin diren delituen erdia pasatxo paperik gabeko migratzaileek egin dituztela. Fokua zabaldu eta aurreko azken bi urteak hartzen baditugu, ordea, ez 2023an ez 2024an ez da halakorik gertatu eta delitugile portzentaje osotik gutxiengoa da jatorri atzerritarra duena.
Gogoeta are gehiago zabalduz gero, paperik gabe eta askotan aukerarik gabe diren pertsona horiei zein alternatiba eskaintzen zaien ez da eztabaidatu, zergatik hainbatetan dauden kondenatuta bizirauteko legez kanpo jokatzera. Haiek kanporatzea da soluzioa, prefetaren irudiko.
Prefetak gehitu du Pirinio Atlantikoetako departamendua dela Frantziara sartzeko migratzaileek darabilten bide nagusia eta bide hori egiten duten paperik gabeko pertsonen kopurua asko hazi, kontrolak indartzearen alde agertzeko argudio gisa.
Poliziak mugan egindako atzemate datuak ere eman ditu: 2024an, hilabete bakoitzean "legez kanpoko" 438 pertsona migratzaile atzeman dituzte, batez beste.
Korrika baliatuta hainbat pertsonari muga gurutzatzen laguntzeagatik zabalik den auziaren inguruan adierazi du "legez kanpoko sarrera" ez dela lagundu behar, "eta bereziki erne" daudela.
Delinkuentziaren arriskua
Segurtasun falta eta delinkuentzia diskurtso askoren protagonista da azken boladan. Ipar Euskal Herrian ere ez da arrotza. "Azken hilabeteetan jendetasunaren kontrako jokabideak areagotu" direla argudiatuta, udaltzainak armatzea erabaki zuen pasa den urrian Hendaiako udal gobernuak, ARGIAn kontatu genuenez. Angelu, Baiona, Biarritz, Ziburu, Urruña eta Donibane Lohizuneko udaltzainek ere armak eramaten dituzte dagoeneko.