Jupol sindikatuak Irungo Atzerritartasun eta Mugen Brigadaren partetik maiz migratzaileak atxilotzeko presioak jasotzen dituela aitortu du.
Jupol sindikatuak aitortu du migratzaileak atxilotzeko presioak jasotzen dituztela espainiako poliziek Irungo Atzerritartasun eta Mugen Brigadaren partetik. Gainera, mehatxuak eta txantaiak ere ohikoak direla adierazi du, “estatistika” betetzeko. Hau da, beste toki batera lekualdatzeko mehatxupean geroz eta atxiloketa gehiago egitera bultzatzen dituzte espainiako poliziak. Bide batez, antzerako presio eta politikak ohikoak direla aitortu du, “urte luzez normalizatu” dena.
Jakitera eman zen atzo, Espainiako Poliziaren EAEko buruzagitzak atzera bota zutela Espainiako Poliziaren Irungo taldeak onartu nahi zuen neurria: asteburuan migratzaile bat atxilotzeagatik, hiru jai-egun; bi migratzaile edo gehiago atxilotzeagatik, lau jai-egun; eta hamar atxilotutik gora, bost. Denis Itxasok "absurdotzat" jo du ezarri nahi zuen neurria, eta brigadaburuaren jarrera desegokia salatu du.