argia.eus
INPRIMATU
Migratzaileak atxilotzeagatik jai-egunak, Espainiako Poliziak Irunen martxan jarri nahi izan duen neurria
  • Migratzaileak atxilotzea saritzen duen neurria onartu zuen atzo Espainiako Poliziaren Irungo taldeak: asteburuan migratzaile bat atxilotzeagatik, hiru jai-egun; bi migratzaile edo gehiago atxilotzeagatik, lau jai-egun; eta hamar atxilotutik gora, bost. Poliziaren sindikatuak salaketa jarri eta ordu gutxira neurria bertan behera utzi du Espainiako Poliziaren EAEko buruzagitzak.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 07a
Argazkia: Irungo Harrera Sarea / Gari Garaialde

Uztailaren 1etik aurrera sartu behar zen indarrean neurria, Atzerritartasun eta Mugen Irungo Brigadako buruak astearte honetan sinatua. Hortik gutxira, baina, sare sozialetan neurria salatu zuen Espainiako Poliziaren Jupol sindikatuak, eta ordutara, Espainiako Poliziaren EAEko buruzagitzak bertan behera utzi zuen neurria.

Irungo buruak halako neurri bati argi berdea zergatik eman zion ere ikertuko dute.

Migratzaileen aurkako jazarpena

Irun, Urruña eta Hendaia inguruan, muga administratiboa tarteko, migratzaileek Poliziarengandik jasaten duten jazarpena behin baino gehiagotan salatu dute harrera sareek eta migratzaileek eurek. Kontrol polizialetatik ihesean, hainbat migratzailek bizia galdu du arriskutsuak izan daitezkeen bideetatik muga gurutzatu nahian.