Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako pisu batean zegoen 18 urteko marokoarra. Hezitzaile batek eta pisukide batek hilda aurkitu dute bere logelan: "Zantzu guztiek bere buruaz beste egin ahal izan zuela erakusten dute", azaldu du Jaurlaritzak.
Donostian Eusko Jaurlaritzaren tutoretzapean dagoen etxebizitza batean, migratzaile batek bere buruaz beste egin du. Gizarte Politiketako sailetik azaldu dutenez, 18 urteko marokoarra zen eta asteazkenean izan zuten horren berri: "Gaztea logelan sartu eta hezitzaile bat haren bila joan zen arte 15 minutu soilik igaro ziren. Hezitzaile honek eta pisukide batek erreanimazio lanak hasi zituzten arren, ezin izan zuten bere bizitza salbatu", dio Jaurlaritzaren oharrak.
Gaztea joan den abendutik bizi zen etxe horretan, aurretik Ibaiondoko zentrotik igaro ondoren. Gorpua Marokora aberriratzeko tramiteak hasi dituzte jadanik, bere familia han bizi baita. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua etxebizitzan izan da "doluminak" emateko eta Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordeko taldeetako bozeramaileekin ere bildu da kasuaren berri emateko.
Ez da egunotako kasu bakarra. Pasa den igandean gazte eritrear baten gorpua aurkitu zuten Irunen, Bidasoa ibaitik gertu, honek ere bere buruaz beste egin izanaren zantzuak zituen. Irungo Harrera Sareak uste du migratzailea izan zitekeela eta ostegun honetan elkarretaratzea egin dute Irunen, heriotza hori salatzeko.
Ezpainak josita
Bestetik, migratzaileei babesa eskaintzen dien Cimade elkarteak salatu du Hendaian 63 egun atxikitze zentroan daraman gizon batek ezpainak josi dituela. Tunisirra jatorriz, Cimadek Berria-ri azaldu dionez prefeturak ukatu egin dio bizileku baimenaren agiria eta Paueko auzitegian helegitea jarri duen arren, kanporatu egingo dute, bere kasua oraindik ez dutelako aztertu. Hala, bere "desesperazioa" azaltzeko josi ditu ezpainak.