Bidasoa ibaian Boli Kostako gazte migratzaile baten gorpua aurkitu dute maiatzaren 22an itota, Azken Portu kiroldegitik hurbil. Bidasoa ibaia zeharkatu eta Hendaiara heldu nahi zuen gazteak.
Irungo Harrera Sarearen ustetan, hildakoa igarobidean zen migratzaile bat zen, bere ibilbidea jarraitzeko asmoa zuena. Ertzaintzak eta suhiltzaileek atera zuten gorpua ibaitik. Duela hilabete bat, gaztearen gorpua aurkitu duten lekutik gertu eritrear jatorriko beste gazte baten gorpua aurkitu zutela gogorarazi nahi izan du Sareak.
Hildakoa gogoratzeko eta gertakaria salatzeko Irungo Azken Portu auzoan ekitaldia egin zuten hurrengo egunean, maiatzaren 23an. Irungo Harrera Sareak, Etorkinen kolektiboak, Cimadek eta Diakitek antolatu zuten ekitaldia. Amets Arzallusek eta Tom Dubois gazte hendaiarrak hartu zuten parte ekitaldian.
Berriak jakinarazi duenez, instituzio publikoek ardurak hartu beharra eskatu dute eta migratzaileen egoera eta ezarritako politikak aldatzeko lan egitea. “Egoera hau aldatu beharra dago, ezin dugu normalizatu, eta, gainera, badakigu beste modu batzuk badaudela gauzak egiteko. Politika arrazista hauek ez dira alternatiba bakarra”, salatu du Sareak.
Maiatzaren 29an manifestazioa
Irungo Harrera Sareak maiatzaren 29an Irun eta Hendaian manifestazioak antolatu ditu. Era guztietako erakundeei eta giza eskubideen errespetuaz kezkatuta dauden guztiei egiten diete bertaratzeko eskaera. Maiatzaren 29an hainbat gauza salatu nahi dituzte: migratzaileei egiten zaien harrera, Irungo mugako kontrol arrazistak eta Europar Batasuna eta estatu kideak ezartzen eta gogortzen ari diren mugetako kontrol eta migrazio politika arrazistak.