argia.eus
INPRIMATU
Migranteen kanporatze azkarrak legez kanpokoak direla dio Estrasburgok
  • Europako Giza Eskubideen auzitegiak emandako epaia argia da. Espainiako Gobernuak Ceutan eta Melillan egin izan dituen migranteen kanporatze azkarrak, legez kanpokoak direla baieztatu du auzitegiak. Europako Giza Eskubideen hitzarmena urratzen duela dio Estrasburgok.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 04a

Bi etorkinek jarritako salaketari erantzunez heldu da erabakia. Bata Maliko herritarra eta bestea Bolikostakoa. Biak Marokotik Melilla (Espainia) hirira sartzen saiatu ziren eta orduak eman zituzten tarteko hesian igota.

Azkenik Guardia Zibilak eskailera bat jarri eta berau erabiliz jaitsi ziren lurrera. Behin behean zirela (espainiar lurretan), inork ez zien euren izena galdetu. Ez zituzten identifikatu eta ez zuten inolako abokatu edo interpreteren laguntzarik jasotzeko aukerarik izan, nahiz eta Espainiak izenpetu izan dituen zenbait hitzarmenek hala jasotzen duten; besteak beste, atzerritartasun legeak. Guardia Zibilak Marokoko poliziaren esku utzi zituen bi lagunak eskuak giltzarrapoz lotuta zituztela.

Euren borondatearen aurka eta inongo neurri administratibo juridikori erantzun gabe egin zuten hori, epaiak baieztatu duenez. Sententziak dio, biktimek 5.000na euroko kalte ordaina jaso behar dutela kalte moralengatik. Dimitry Dedov epaile errusiarrak bakarrik bozkatu du konpentsazio ekonomikoaren aurka.

Aurrez ere, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR), Europako Batzordeak eta zenbait gobernuz kanpoko erakundek, esana zuten legez kanpokoak zirela mota honetako kanporatzeak. Hala ere, Espainiako Gobernuak entzungor egin eta kanporatze ilegalak egiten jarraitu du. Orain Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du, Espainiak ez duela nazioarteko legedia bete alor honetan.