argia.eus
INPRIMATU
Migranondoa, beste bat etxerako
  • Mingrana urrutitik ekarritako fruitua da. Punisagarra da mingrana edo alesagarra edo alegorria edo milagrana edo xokorra edo granada: Punica granatum. Punica izena latinetik dator, eta “punicum malum” izenaren laburdura da, eta punicum horrek Poenus edo Phoinikes du jatorri, hau da, fenizioak, beraz, mingrana fenizioen sagarra da, latinez. Hortik euskarazko punisagarra ere. Granatum, aldiz, grânâtus hitzetik dator, ale edo grano ugariduna. 

Jakoba Errekondo 2025eko otsailaren 10
Wikimedia T137 / CC-A-SA3.0

Itxuraz Irandik ekialdera sortutako fruta arbola da eta handik mendebalderantz, Mediterraneora fenizioek ekarri eta zabaldua. Preziatua izan da aspaldidanik eta inguru horretako kultura guztietan gurtutako fruitua da. Judu, musulman, kristau, egiptoar, greko, erromatar eta inguru haietako sekta guztien aldareetan urrutira gabe ibili da mingrana alea. Geurera ere iritsia da, aspaldi, eta izen batzuk bidaia horretatik etorritakoetatik jasoak dira: punisagarra, milagrana, mingrana eta granada; beste batzuek, xokorra, alesagarra eta alegorria, euskaratik sortuak dirudite. Gazteleraz aritzen direnek diote granadari “mingrana” esaten diotela Milagron. Gutxi-gehiago dozenaren bat mende bada arabiarrak Nafarroa hegoaldean egonkortu zirenetik. Eta ekialdeko jakintsuak mingranondorik gabe ez ziren etorriko. Mingranondoa edo mingrana errexala, granadaondoa, mingranalatzea denez, badu gurean izen ugariaren zahardadea behintzat.

Joan da Euskal Herriko mingrana sasoia. Bai, bai, hori ere han eta harago ikusten da eta gero eta gehiago ugarituko diren fruta arbola horietako bat izango da. Gure etxean ederki asko dator, ea hastear den sasoi berri honetan adoretu eta fruituak emateko asmoa hartzen duen.

Udazkenari bizi punttu polita eransten dio bere muztioak. Guk zuzenean edaten dugu jengibre (Zingiber officinale) mordoska batekin. Baina uzta ugaritu ahala muztio horren beste bide batzuk lantzeko asmoa dut: punisagardoa egin nahi dut. Lehengo mendeko idazleek jaso duten eran puni sagardoa (Nikolas Ormaetxea “Orixe”), mingrana-mistela (Juan Inazio Goikoetxea “Gaztelu”) edo granada-mistela (Santiago Onaindia).

Punisagardo horrekin koktelen mundua etxekotu nahi dut. Baditut batzuk begiz eta zintzurrez jota: Tekila Sunrise: punisagardoa, laranja zukua (Citrus sinensis) eta tekila (Agave tequilana); Sex on the Beach: punisagardoa eta laranja mertxika (Prunus persica) eta ahabi zukua (Vaccinium myrtillus); eta Diabolo: punisagardo ziropa eta limonada.

Hondartzako larru jotze horrek, Sex on the Beachek, tanto asko izango ditu, baina nik uste dut Diabolo izango dela gure etxean gehien edango dena. Izan ere, granadinarekin koktela osatzeko mingranak beste izen polita ere badu: alegorria. Eta Kandido Izagirre lexikografo frantziskotarrak lehengo mendean Arantzazu aldean jaso zuenaren arabera, alegorria da “elizatik apur bat urrundutako pertsona”.

Badu mingranak beste edeski polit bat: agi danean mingrana ale guzti-guztiek barruan ale kopuru berbera dute. Baina kopurua zein den denak ez daude ados. Batzuek diote urteak egunak adina dituztela: 365 ale. Beste batzuek, ordea, 613 dituztela diote. Sekula zenbatzea otu al zaizu? Koktelari tiraka hainbatu beharko ditugu.