Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.
"Microsofteko adimen artifizialeko kontseilari ordezkariaren hitzartzea moztu duzu, oihuka, eta bere aurka nahiz enpresaren aurka salaketa larriak egin dituzu", horrela iragarri zion Microsoft multinazional teknologikoak Ibtihal Aboussad langileari enpresatik kaleratu zuela, The Verge hedabideak argitaratu duenez. Aboussadek enpresaren adimen artifizialeko sailean lan egiten zuen, software ingeniari gisa. Hain zuzen, sail horretako buru Mustafa Suleymanen hitzartzea moztu zuen ostiralean, Redmond (AEB) hirian Microsoften 50. urteurreneko ekitaldian.
"Adimen artifiziala onerako erabili nahi duzula baieztatzen duzu, baina ondoren Israelgo armadari saltzen diozu. 50.000 palestinar hil ditu Israelek Gazako genozidioan", kexatu zitzaion Aboussad Suleymani oholtzara igo zen unean. Gertakariaren ondoren EFE berri agentziari adierazi zion berak eta bere hainbat lankidek ez dutela egin nahi "palestinarrak hiltzeko koderik", eta azaldu zuen ez zegoela kezkatuta bere lan etorkizunarekin: "Beldur hori ez da errugabeak hiltzen dituen enpresa batean lan egitearen beldurra baino handiagoa".
Aboussadez gain, Microsoftek Gazaren aurkako sarraskian duen papera salatu zuen beste langile batek: Vaniya Agrawalek Satya Nadella enpresako kontseilari ordezkariaren hitzartzea moztu zuen ostiralean Microsoftek egin zuen beste ekitaldi batean. NBC katearen arabera, Agrawalek ere software ingeniari gisa egiten zuen lan, eta hura ere multinazionaletik kaleratu dute.
Israelekin harreman estuenak dituen enpresa teknologikoa
BDS mugimenduak –Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra Israelentzat– bere webgunean azaltzen duenez, Microsoft da Israel Gazan egiten ari den genozidioan paper garrantzitsuena duen enpresa teknologikoa: besteak beste, adimen artifiziala eta beste hainbat zerbitzu teknologiko eskaintzen dizkiote Israelgo Gobernuari, armadari eta herrialdeko espetxeratze zentroei, BDSren arabera, Israelek zerbitzu hauek "palestinarren aurkako genozidioa eta gerra krimenak indartzeko" baliatzen ditu.