argia.eus
INPRIMATU
Michigan Bernie Sandersen garaipenerako giltza
Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 09a
Joe Biden eta Bernie Sanders.

Joe Biden eta Bernie Sandersen artean dago Donald Trumpi aurre egitea urte amaierako hauteskundeetan. Biden, Obamaren agintaldian presidenteorde izandakoa, Alderdi Demokratikoaren jarrera tradizionalaren aldekoa da. Sanders, alta, bere burua “sozialdemokratatzat” duen hautagaia da, eta osasun-sistema publikoa sortzea du helburu.

Momentuz Biden doa irabazten, 664 delegaturekin. Sandersek 573 batu ditu, baina 1.991 dira beharrezkoak irabazteko. Michiganeko hauteskundeak garrantzitsuak dira, hautesle asko langile klasekoak baitira, eta horrek laguntza eskaini diezaioke Sandersi. Hala ere, Bidenek jendearen babesa du, eta larri ibiliko dira biak ala biak, adituek diotenez.

“Super asteartea”

Joan den asteartea, martxoaren 2a, “super asteartea” izan zen Estatu Batuetan; hau da, 14 estatutan burutu ziren hauteskundeak aldi berean. Parte-hartze altua izan zen, nahiz eta gazteak ez ziren %20ra heldu estatu bakar batean ere. Hori izan daiteke Bidenek Sandersi aurre hartzearen arrazoietako bat.

Egun hartan utzi zuten bertan behera beren kanpaina Michael Bloomberg eta Elizabeth Warrenek. Lehenengoak bere babesa eman zion Bideni, baina adituek baiezkoa espero zuten arren, Warrenek ez zion berea eman Sandersi.

Martxoaren 10era begira, Michiganez gain beste hiru estatu dituzte jokoan bi hautagaiek, 617 delegatu guztira. Egun horretan lortutako emaitzek asko baldintzatuko dute amaierako emaitza.