Frantziako Mediapart hedabidearen informazioen arabera, Pirinio Atlantikoetako Errepublikarrak alderdiaren buru Michèle Alliot Marie Panamako “offshore” edo legez kanpoko finantzaz arduratzen den enpresa bati lotuta egon liteke.
Pirinio Atlantikoetako Errepublikarrak alderdiko buru Michèle Alliot Marieren elkarte fiskala, aitaren bitartez zabaldutakoa litzateke. Mediapart-ek dioenez, Alliot-Marieren gurasoak 1982an Panaman sortutako Bella Vista Holdings elkarte bateko eskubidedunak lirateke.
Donibane Lohizuneko auzapez ohiaren aita Bernard Marie 2015ean zendu zen. Alabaina, Vista Holdings elkarteak Ertamerikako paradisu fiskaleko elkarteen erregistroan segitzen du. Hedabide horren datuen arabera, aitaren parteak oinordekoen artean banatu dira, Michèle Alliot-Marie bat izanik.
Michèle Alliot-Mariek Frantziako hauteskunde presidentzialetarako bere burua aurkeztu berri du, Errepublikarrak alderdiaren primarioetan. Alliot-Marie izena, hainbatetan "klana" bezala azaldu izan da zenbait hedabideetan. Izan ere, ministro ohiaren gertukoek paradisu fiskaletan kudeatutako sei enpresa kudeatzen dituztela eman dute sarritan ezagutzera. Konparazione, “arrazoi komertzialik gabe” eratutako bat atzeman zuten 2013an, Guyanan.
Michèlle Alliot-Mariek bere abokatuen bidez erantzun du, aipatu elkartearen berririk ez zuela esanez.