Larunbatean hil zen LDH Giza Eskubideen Ligako militante historikoa eta ohorezko lehendakaria. ETAren armagabetze zibilean edo euskal preso politikoen aldeko ekimenetan partaidetza zuzena izan zuen.
Tubiana Giza Eskubideen Ligako idazkari nagusia izan zen, eta erakundearen ohorezko lehendakaria zen. Azken urteetan bere jarduna Euskal Herriari lotuta egon da neurri handi batean, eta Bakegileek eta Bake Bideanek bera “agurutu eta omendu” nahi izan dute: “Giza Eskubideen Ligarekin, injustizia guzien aurka eraman duen borrokagatik omendu nahi dugu, Euskal Herriko bakearen alde konprometituriko gizona zen”.
Tubianak bultzada “sendoa eta erabakigarria” eman dio “Euskal Herriko bake prozesuari”, bi erakundeen iritzian. Aieteko konferentziaz geroztik “gertakari garrantzitsu guztien partaide” izan da 1952an Aljerren jaiotako gizona. Besteak beste, Frantziako Gobernuarekin mintzatzen den Euskal Herriko delegazioko kidea zen, eta zuzenean hartu zuen parte 2016ko abenduko Luhusoko armagabetze ekintzan. Ordutik, azaldu dute, “Michelek Bake Bidearekin eta Bakegileekin lan egiten zuen, euskal preso politikoen arazoa konpontzeko eta bake prozesua indartzeko”.
Bakegileek erakutsitako bidea
Tubianak Euskal Herriari eginiko ekarpena “historikoa” da, Bake Bidearekin eta Bakegileen hitzetan. Bi ekimenek azken hilabeteetan hil diren Mixel Berhokoirigoin eta Mixel Bergouignan ere izan dituzte gogoan: “Mixel Berhokoirigoinen eta Mixel Bergouignanen ondotik, beste bidelagun bat galdu dugu. Galera izugarria da, baina haiek egindakoak lagunduko digu etorkizuneko belaunaldientzat askatasun eta demokrazia mundu baterako bidea marrazten”.