Michel Salaberrenborde Muskildiko (Zuberoa) Elaudi CUMAko lehendakaria da. Azken 20 urteotan nekazariek hartu dute ohitura beren beharretarako makineriak elkarrekin erosi eta kudeatzeko Nekazaritzako Makinen Erabilerarako Kooperatibetan (CUMA frantsesezko sigletan) elkartuta.
Elaudi Cuma presentatzen ahal diguzu?
1993an sortu zen. Gure belaunaldiko hamar-dozena bat laborari gazte instalatu ginen eta orduan ikusi ginuen dinamika bat bazela gure artean. Ideia partitu zen ikusiz zer ziren gure beharrak gure etxaldeetan, tresna batzu behar ziren bainan ikusiz zonbat guti serbitzatzen zuten urtean zehar, ez zen baten beharrik etxalde bakotxan eta elgarrekin erostea pentsatu genuen. Erosi ginituen lehen tresnak ziren : “bétaillère” delako bat, trakturarekin behien ekartzeko, lur iraultzeko tresna, arto bihikatzeko tresna, “roundballer” bat eta egurraren tiratzeko tresna bat. 35 kidek parte hartu zuten, gehiengoa Muskildiarrak eta bi Urdiñarbetik.
Cumak bere bidea egin du, guk ere bai. Azkorria 2006an sortu da, elgarrekin lan egiteko dinamika hori azkartu da ere, eta hats berri bat eman dio Cumari. 2009an traktur talde bat muntatu dugu bost kideren artean, lau auzo eta Urdiñarbetar batekin, elgarrekin lan egiteko. Bakotxak gure etxaldetan tresna ttipiak ditugu eta pixka bat zahartuak ere. Hautatu dugu ez bakotxak bere aldetik materiala erostea bainan elgarrekin partitzea. Inbestizamendiaren aldetik ere, ikusiz zonbat sos behar den holako tresnen erosteko, entretenitzeko… etxalde baten buxetan pizu da. 100 zalditako traktura erosi dugu, hemengo hein ona zela, eta horren inguran tresna zonbait ere bai, belarren eta artoen egiteko, bigarren runballera, moztekoanaiatzekoa, pentzean pasatzeko “herse prairie” delakoa. Orain baditugu ere hazi ereitekoa, rotalabour, cover crop, pixa emaitekoa eta “pulvérisateur” bat.
Nola antolatzen zirezte?
Egun Cuma Elaudin 25 kide gira. Administrazio kontseiluan 9 gira. Urtero biltzar nagusi bat antolatua da eta beharra senditzen balin bada tresna berri batendako, sinpleki elkarretaratzen gira horren inguruan. Cuma federakuntzako langileek untsa laguntzen gituzte ere, haiek dira aholku emaile, dozier teknikoak muntatzen dituzte eta kontabilitate guzia egiten dute. Erosteko preziotik ehuneko hamabosta pagatzen dugu, kide nunbreen arabera zatitzen dugu, hori da parte soziala. Gero urtero pagatzen dugu zerbitzatzen dugun arabera. Cumak du enprunta egiten, guk egiteko partez bakotxak gure enprunta, eta hori ere abantaila bat da.
Artoendako eta belarrendako laneko egutegia egiten dugu. Ez dugu langilerik. Bakotxak bere etxaldean gidatzen du edo elgar laguntzen dugu, adibidez batek naiak egiten ditu, beste batek balotak, etxez etxe… hola denbora irabazten dugu. Hastapenetik deliberatu dugu tresna bat bakotxak bere etxean atxikitzea, kide bakotx arduradun da tresna batendako eta entretenitu behar du.
Cumetan usu material izigarri haundian inbestizatzen dute, zuek nola hautatzen duzue?
Etxalde ttipiak dira hemen eta ehun zaldikoa aski da hemengo. Runballer ona badugu, heineko tresnak ditugu hemengo. Enetako Cuma bat da elgarrekin lan egiteko, inbeztizamenduak partekatzeko eta Cumari esker baditugu kalitatzeko tresnak, tresna onak eta serbitzu onak ere, lana fiteago egiteko. Tresna horiek kriston dirua kostatzen dute eta adibidez, traktur batek gure eskualdean oso oren guti egiten du eta holako diru zama ezartzea, etxalde bakotxetan, hangarrean lo uzteko kasik urte guzian, nik uste ez du balio.
Ikusiz ere baserrietan erosteko gauzak nola beti goiti ari diren eta guk saltzen dugunak hor… lan bat egin ahal bada mekanizazio karguetan untsa da, eta Cumak horiek hobekio kudeatzea permititzen du. Cumarekin material ona eta lan ona egitea xekatzen dugu. Denek ber pentsamoldea dugu. Cuman bezala etxaldetan ere beti prest gira besteen laguntzeko, ez bada CUMAko tresnekin ere, ber izpirituan gira.
Orain Elaudi Cumaren lehendakaria zira, betidanik Cuma hortan parte hartu duzu?
Bai, 1993an instalatu nintzen “Etxartia” familiako etxaldean eta betidanik hemengo herriko eta kantonamenduko Cuman parte hartu dut. Etxaldean traktur ttipiago edo simpleagoa badut furtxa batekin eta aski da hazkuntzarendako. Ardi hazkuntza egiten dut, 230 ardi buru beltzekin eta esnea Azkorriarat saltzen dut, bildotsak ta ardiak Axuria kooperatibarat. Behi gorriak ere baditut, 18 ama, Axuria kooperatibarendako gizentarazten ditut, bigantxak ere, kotxoak tratulantari saltzen ditut, Italiarat igortzeko. 28 hektara baditugu, horietan 6 alokatzen, 3 artoarekin etxearendako, 5-6 iraztorra, besteak pentzeak. Cumako traktur hori lan handiendako baliatzen dugu, belarretan eta artoetan.
Laborari gazteak ere Cuman sartzen dira?
Pentsatzen dut Cumak geroa baduela. Beste Cumekin biltzen gira ere eta ikusten dugu kideak badirela. Dinamika bat bada, Muskildiko Cuma ederki badoa. Gauza ainitz baditugu, ez dakit zer ezartzen ahal dugun haboro. Tresna ederra eta beharrezkoa dugu gure etxaldeak untsa iraunarazteko.
Proiektu berezirik ez dugu. Cuma ez da galduko bainan hemen ere herria husten ari da. Gazte guti da. Gu instalatu ginelarik hamar-hamabi ginen orain gutiago. Hemengo Cuman, hastapenean 35 ginen eta orain 25 gira. Gazteak gutiago instalatzen dira. Muskildin ainitzek ez dute segidarik, auzoak handitzen dira. Damugarria da bainan baikor egon behar da. Cumarekin lan egitea aterabide bat izaiten ahal da. Elgarrekin lan egitea indar bat da, elgarrekin artzea, kooperatibetan, elkarteetan… ez da beti aise bainan beharrezkoa da, azkarrago izaiteko. Lan kolektiboa irakargarria da eta nik uste geroa hor da. Gazteak, gure haurrak, motibatzen ditugu bainan gure haurrak jin artio huts bat bada. Hazkuntzak kriston lana galdegiten du bainan munduko ofiziorik ederrenatarik bat da, ederra eta maitagarria.