Epaileek zuten azken hitza eta hala eman dute: La Negresse auzoak hala izaten jarraituko du Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren ondoren, Miarritzeko Herriko Etxearen iritziarekin bat eginda. Izena aldatzeko auzibidea Mémoires et Partages (Oroimenak eta partekatzeak) elkarteak abiatu zuen, "arrazista eta sexista" delako.
Paueko auzitegiko txostengileak ireki zien bidea epaileei eta hala erabaki dute orain: beren esanetan La Negresse ez da "giza duintasunaren kontrako" izena. Miarritzeko tren-geltoki ondoko auzo ezagunari Herriko Etxeak eman dion izena da hori, eta Mémoires et Partages elkartearen ustez arrazista bezain sexista da.
XIX. mendean Napoleon Bonaparteren soldaduek han zerbitzatzen zuen ostalari bati jarritako ezizena da La Negresse, eta hortik datorkio. 1986an Herriko Etxeak euskarazko Harausta jatorrizkoa kendu eta izen ofizial hori jarri zion auzoari.
Mémoires et Partages elkarteak auzibidea hasi zuen izen hori aldatzeko. Elkarteak lan handia egin du Ipar Euskal Herrian ez ezik, Bordelen, Arroxelan eta Nantesen esklabotzarekin eta arrazismo kolonialistarekin zerikusia duten arrastoak agerian jarri edo aldatzeko.
Auzitegiak dio "oroimen ikuspegitik" aldatu zitzaiola izena auzoari eta ez beltzen komunitatea "arrazoi arrazistengatik estigmatizatzeko". Baina Mémoires et Partageseko kideen ustez hala egiten du gaur gaurkoz: "Historia kriminala erakusten du", esan zion Karfa Sira Diallok Ipar Euskal Herriko Hitza-ri. Diallo epaitu egin zuten izen hori salatzeagatik G7aren goi bileraren bezperetan.
La Negresse izenaren kasua aldarrikapen ikur gisa dute mugimendu dekolonialistan. Hala, Mémoires et Partages elkarteak helegitea jarriko dio Paueko erabakiari Bordeleko Auzitegi Administratiboan, Berria-k azaldu duenez.
Miarritzeko Herriko Etxeak, bere aldetik, adierazi du ez duela izena kentzeko asmorik, miarriztar gehienentzat ez duelako "arrazismo kutsurik", baina 2024an plaka bat ezarri nahi dute, XIX. mendeko emakume zerbitzariaren historia kontatuko duena.