argia.eus
INPRIMATU
Miarritzeko hilketa matxista salatzeko mobilizazioak egin ditu mugimendu feministak
  •  

    Ostegunean Miarritzen gertatutako emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Miarritzen eta baita Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatu ditu mobilizazioak: Gasteizen eta Bilbon larunbatean elkartu ziren eta Iruñean eta Donostian astelehenean egingo dituzte. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 19a
Argazkia: Gasteizko Asanblada Feminista

Apirilaren 14an, 75 urteko emakumearen gorpua topatu zuten suhiltzaileek Miarritzeko Agilera auzoko etxe batean, 77 urteko gizonezkoaren gorpuarekin batera. Izan ere, gizonezkoak emakumea eskopetarekin tiroz hil eta ondoren bere buruaz beste egin duela baieztatu dute eta Baionako fiskaltzak "borondatezko homizidio" gisa definitu du gertatutakoa. 2003 geroztik Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz hildako 110. emakumea da, eta aurtengo hirugarrena. Ipar Euskal Herriko datuen arabera, 2005 eta 2020 artean 25 emakume hil dituzte bortxaz eta aurtengo lehena izan da Miarritzekoa. 

Asanblada feministak ostiral arratsalderako antolatu zuen elkarretaratzea, eta Miarritzeko Herriko Etxearen parean salatu zuten 75 urteko emakumearen hilketa; "Non aux violences sexistes. Bortizkeria sexistarik ez" lelopean.

Horrez gain, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere mobilizazioak izan dira, Emakumeen Mundu Martxak antolatuta. Larunbatean, Bilbon egin zuten elkarretaratzea Arriaga plazan eta igandean Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan. Gaur ordea, Iruñean elkartuko dira 20:00etan Udal Plazan eta Donostian 19:00etan Bulebarrean.

Emakumeen Mundu Martxak ohar baten bidez salatu duenez “Indarkeria matxistak ez dauka mugarik. Sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu horrek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak bizirauteko eta mantentzeko baliabidea da". "Indarkeria matxistaren aurkako borrokan agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da, hezkuntzan hasita beste edozein eremutan ere. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko", adierazi dute.