argia.eus
INPRIMATU
Miarritzeko emakumearen hilketa salatzeko mobilizazioak deitu ditu Emakumeen Mundu Martxak
  • Miarritzen ostegunean izandako emakumeaen hilketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako plataformatik deituta.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 16a
Bilbon, emakume baten hilketa salatzeko Arriaga plazan egindako bilkura. (Argazkia: Ecuador Etxea)

Urte hasi denetik Euskal Herrian izandako hirugarren hilketa matxista dela diote plataformatik. 77 urteko gizonezkoak 75 urteko bikotekidea hil zuen eta gero bere buruaz beste egin zuen. Plataformak honako balorazioa egin du:

“Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara”.

Indarkeria matxistaren aurkako borrokan agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa dela gogorarazi dute mugimendutik, baita garaia dela “hitzetatik praktikara pasatzeko” ere.

Antolatu dituzten mobilizazioen egutegia honakoa da:

Ostiral honetan Miarritzen arratsaldeko 18:00etan Udaletxe plazan; larunbatean, 17an, Bilboko Arriaga plazan 13:30etan. Igandean Gasteizen, 13:00etan Andra Zuriaren Plazan; eta astelehenean Iruñean, 20:00etan Udaletxe plazan eta Donostian 19:00etan Bulebarrean.