argia.eus
INPRIMATU
Miarritzeko auzapezak ez du bizikleta berria estreinatu
  • Bizi! mugimenduak Didier Borotra Miarritzeko auzapezari eskatu dio emandako hitza bete eta duela urtebete agindutako bizikletentzako bide berriak eraikitzeko. Iragan larunbatean, FIPA zinema jaialdiaren itxieran, kolektiboko kideek pankarta erraldoia zabaldu zuten Gare du Midi antzokiaren kanpoaldean: “Badu urte bat xuxen, txirrindula bide antolaketa promesak Biarritzen: dena zinema?”, zioen mezuak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko urtarrilaren 30a
Bizikletaren aldeko urratsak emateko eskatu diote Bizi! mugimenduko kideek Miarritzeko auzapezari.

2011ko udazken-neguan garraiobide alternatiboen aldeko kanpaina burutu zuen Bizi! mugimenduak, eta egindako eskaerak aintzat hartu zituela adierazi zuen Borotrak. Bizikletentzako bideak eraiki edo egokituko zituela hitz eman zuen, kostako ibilbideari eta hiri erdiko sareari lehentasuna emanaz. Bizikleta bat ere oparitu zioten Bizi!-koek. Dena den, Iban Grossier Autoari Alternatiba lantaldeko arduradunak salatu duten moduan, “oraindik ez da deus egin”.

Kolektiboak nabarmendu du Baiona-Angelu-Biarritz (BAB) hirigunean berotegi efektuko gasen isurketen %60 motordun ibilgailuek sortzen dutela, eta bidaien erdia ez dela hiru kilometrora heltzen. “Ondorioz, txirrindula dudarik gabe agertzen da geroari buruz itzulia den aterabide bat bezala, aldaketa klimatikoaren kontra molde eraginkorrean borrokatzeko, eguneroko bizian, norberak bere bidaiak (lanera joateko, aisialdi gisa edo erosketentzat) beste era batean antolatuz”.

Iban Grossier: “Ipar Euskal Herriko bizikleta-sareak ez du koherentziarik”

“Ipar Euskal Herriko txirrindula sarearen ezaugarriak ondokoak dira: ez dira molde jarraikian pentsatuak –beren barnean ‘mozturak’ dituzte, biribilguneak…– eta ez dute haien artean loturarik, sareak ez du koherentziarik”, azaldu zigun Grossierrek, ARGIAren 2279. zenbakian plazaratu genuen Bidegorriak: Ondo lotu gabeko kilometroak erreportajean. “Faltan agertzen da txirrindularentzat antolatua litzatekeen eskema orokor bat, Baionako hirigunearentzat bereziki eta molde orokorrean Iparralde osoarentzat”.

Bizi! mugimenduak 2010eko udaberrian egin zuen Txirrindulari buruzko Herritar Diagnostikoa txostenaren arabera, galderei erantzun zieten 1.126 ziklistetatik %9,2k esan zuten auto gidarien jokamoldea beraiekiko ona dela, %52,5ek erdibidekoa eta %35,8k txarra. Grosierrek egunero erabiltzen du bizikleta: “Atxemaiten dut auto gidariek kasu egiten dietela txirrindulariei”.

Bizi! kolektiboko kidearentzat, bizikleta eta garraio publikoa elkarren osagarriak dira: “Adibidez, txirrindulak behar luke ahalbidetu etxe ondoan norberak duen autobus geralekura edo tren geltokira joatea. Edo, autobusetik edo trenetik jaistean, libreki erabiltzen ahal den txirrindula bat hartzen ahalko genuke. Txirrindulaz, autobusaz, trenaz… ideia da autoa aparkalekuan ala garajean uztea. Edo hobeto, autorik ez ukaitea!”. Autoak duen protagonismoa “sobera inportantea” dela esan zigun Grossierrek, baina hainbat urtez lo egon ondoren, hautetsiak azkenean iratzarri direla eta beste hirigune eta eskualde batzuetan jada martxan den mugikortasun politikaren alde lanean ari direla.

Lanean, baina, bistan denez, agindu baino mantsoago doaz.

Oharra: Artikulu hau Jon Tornerren Slump doktorearen zaintiratua blogetik hartua da]