argia.eus
INPRIMATU
Miarritzeko auzapez ohi Didier Borotra zendu da
  • Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.

     

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko abuztuaren 22a
Didier Borotra zena. Argazkia: Max Brisson

Arbonako auzapez gisa abiatu zuen bere karrera politikagintzan. 1971tik 1977ra izan zen Lapurdiko hiri horretako auzapez eta ondotik, 1986an izendatu zuten Departamendu kontseilari. Kargu hori bete zuen 1991. urtera arte, hots, Miarritzeko auzapez izan arte. Urte horretan hartu zion aulkia Bernard Marie eskuindarrari –Frantziako gobernukide izandako Michele Alliot-Marieren aita–, bigarren itzulirako koalizioa eginez Jakes Abeberri abertzale ohiaren eta sozialisten zerrendekin. 23 urtez atxiki zuen alkategoa, 2014ra arte eta bere segida hartu zion Michel Veunac zentristak. Bizkitartean, Frantziako senatari kargua ere bete zuen, 1992tik 2001ra.

Dolumin mezuak zabalduz dabiltza sare sozialetan, batez ere Miarritze hiriari ekarritako guztia azpimarratuz. "Miarritze zen, eta Miarritze bera zen. Bere pasioari esker, Miarritze nazioarteko hiri bihurtzen lortu zuen", irakurri daiteke Colette Capdevielle diputatu sozialistaren txioan. "Auzapez begitaziodun" gisa agurtu du Euskal Hirigune Elkargoko presidente eta Baionako auzapez Jean-René Etchegarayk: "Alkate ameslaria, Hiri Inperiala modernitatera eraman duen eraikitzaile baten irudia uzten digu".

Bi auzibide bere aurka

Bi auzibide izan zituen bere aurka. Bata, 2013an hasi eta 2018an bukatu zena, eta 300.000 euroko isuna jarri zuten bere aurka. 2009tik 2013ra aparkalekuei loturiko 4.000 isunez gora ezeztatzeagatik zigortu zuten. Bestea, diru publikoa bidegabe erabili zuelakoan izan zen, baina Paueko Dei Auzitegiak zuritu zuen 2019an.