argia.eus
INPRIMATU
Miarritzeko aireportutik hurbil topatutako eskeletoa gizon etxegabe batena dela ziurtatu dute
  • Baionako auzitegiaren eta Bordeleko aditu forentseen ikerketen arabera, ziurrenik duela urtebete hil zen gizonezkoa. Krimenaren hipotesia baztertu dute: uste dute istripu batek edo bihotzeko batek eragin ziola heriotza.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 09a
Aireportu ondoko muino batean dagoen oihalezko aterpean topatu dute eskeletoa.

Igandean emakume batek giza eskeleto bat aurkitu zuen Miarritzeko aireportutik hurbil dagoen muino bateko oihalezko aterpean, ihes egin zion txakurraren bila zebilela. France Bleu Pays Basque hedabideak zabaldu duenez, isolatuta dago leku hori eta etxerik gabeko pertsona ugari bertara joaten dira. Hain zuzen, Baionako fiskaltzak asteazkenean baieztatu du hezurrak etxegabe batenak direla.

Berehala ikerketa zabaldu zuten Baionako auzitegiak eta Bordeleko forentseek, eta eskeletoa identifikatu dute; ziurrenik duela urtebete hil zen gizonezkoa, baina ez zuen inork bere desagerpena salatu. Ikertzaileen arabera ez du indarkeria zantzurik eta, beraz, bi hipotesi dituzte: istripu baten edo bihotzeko baten ondorioz hil zen. Ikerketa irekita dago.