Ertzaintzak dispositibo handia jarri zuen Hernaniko Plaza Berrian dagoen Herriraren lokalaren inguruan, Guardia Zibila egiten ari zen miaketa babesteko. Hamar ordu baino gehiago luzatu zen miaketa eta gauean kargak izan ziren Kale Nagusian.
Herritar asko bildu zen polizia autonomikoak jarritako segurtasun perimetroaren inguruan Herrirako kideei elkartasuna adierazteko. Protesta baketsua izaten ari zen atxilotuak ateratzen hasi ziren arte. Lekukoek diotenez, atxilotuetako baten senideak bere familiako kidea ateratzen ikustean ertzainen lerrotik apur bat aurrera egin zuen, agenteek ez zioten pasatzen utzi, urduritasunak eraginda erortzen hasi zen eta bertan zeuden hainbat herritar laguntzera joan zirenean kargatu zuen lehen aldiz Ertzaintzak, 22:49etan.
Kalean gora korrika abiatu ziren herritar asko, baina beste hainbestek ertzainen aurrean jarraitu zuten. Handik bi minutura etorri zen bigarren karga. Kasu horretan tiro hots gehiago entzun ziren eta ertzainek Kale Nagusia hartu zuten Nafar kalearen alturaraino.
Plaza Berrira ematen duen Urbieta kalean ere hainbat lagun zeuden elkartuta eta horien kontra ere oldartu zen Ertzaintza. Horren ondorioz Amalur Mendizabal Amaiur koalizioko senataria zauritu zuten. Euskadi Irratiari adierazi dionez, Kale Nagusiko kargaren ondoren ertzainek lasai egoteko esan zieten Urbieta kalean zeudenei. "Halako batean ertzain bat etorri zitzaidan, begietara begiratu eta lehen kolpea eman zidan buruan". Mendizabalek adierazi duenez, agenteari plaka zenbakia eskatu zion baina ez zion eman. "Horregatik, salaketa jarriko dut".
Ateak Ireki kolektiboak jaso duen kargaren bideoan ikusten da Mendizabali nola jotzen dioten, 1:55 minututik aurrera: