argia.eus
INPRIMATU
Autobus transfoboaren leloa estali eta kanpainarekin jarraituko duela dio Hazte Oir-ek
  • Elkarteak Madrilgo Udalaren aurkako salaketa jarriko du autobusa geldiarazteagatik eta leloa aldatuta kanpainarekin jarraituko du, ostegunean Hazte Oir elkarteko bozeramaleak adierazi eta Europa Pressek jaso duenez.

     

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 02a
HazteOir.org-en autobusa. (Arg.: CitizenGo)

Ignacio Arsuaga eledunak adierazi du ez direla "beldutzen utziko" eta Madrilgo 42. instrukzio Epaitegiak adierazitatkoa betez kanpainarekin jarraituko dutela. Polemika piztu duen mezua binilo batekin estaliko dutela jakinarazi du.

Madrilgo epaitegiaren debekua

Madrilgo epaile batek debekatu egin dio HazteOir.org antolakundeari autobusa mugitzea mezu transfoboak ezabatu arte. Epaileak argudiatu du “heterosexuala ez den beste orientazio sexual bat duten pertsonak gutxiesten” dituela, eta beraz beren duintasunaren kontra egiten duela.

Madrilgo Udaltzaingoak geldiarazita zeukan autobusa, gorrotozko delituak zituela eta iragarkien ordenantza betetzen ez zuelakoan. Gorrotozko delitua ikertzen ari den epaileak behin behineko neurri hori berretsi du.

Hazte Oir elkartea "Mutilek zakila dute. Neskek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaio ezkero, gizona zara. Emakume jaio ezkero, emakumea zara" idatzita zuen autobus batean ibiltzeko asmoa zuen Espainiako Estatuko hainbat hiritan, tartean Euskal Herrian.

Oraindik ez da ezaguna datak mantenduko dituzten ala ez. Iruñera igandean heltzeko asmoa zuen. Larunbaterako manifestazioa antolatu du E28 plataformak. “Nafarroa: aniztasun lurraldea. Transfobiarik ez!” 18:00etan aterako da protesta autobus geltoki zaharretik.

Hainbat udalek ere jakinarazi dute autobusaren ibilbidea geldiarazten saiatuko direla. Iruñeko Joseba Asiron alkateak Twitter bidez jakinarazi du “bide guztiak ikertzen” ari direla autobusa Iruñera joan ez dadin, eta adierazi du antolatzaileek ez dutela oraindik baimenik eskatu autobusa hirian egoteko. Gasteiz, Bilbo eta Getxoko udalek ere antzeko asmoak adierazi dituzte, eta Donostiako Udalak “Non grata” izendatu du autobusa.