argia.eus
INPRIMATU
Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera
  • Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko abenduaren 18a
Ikastetxe ugarik ikusi du uztargarria dela Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatzea sinbologia katolikoa azpimarratu beharrik gabe.

Bai, Gabonak kultura kristauaren emaitza dira, eta eztabaida hau ematen delarik, batzuen jarrera irmoa da: Gabonak ez ospatzea da erlijioari benetan bizkar emateko modua; Gabonek Jesusen jaiotza ospatzen dute eta Jesus kantuetatik ezabatzea ez da ulergarria. Alternatiba laikoa da Gabonak ez ospatzea.

Aldiz, erlijioak zipriztindutako kulturak gizarte gero eta laikoago batekin elkarbizitzen segitzen duen bitartean, ikastetxe ugarik ikusi du uztargarria dela Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatzea sinbologia katolikoa azpimarratu beharrik gabe. Azken finean, etxe askotan ere halaxe egiten da gaur egun.

Bada abestiak moldatzen dituenik –“aditu duanian Jesus jaio dala” pasartea, adibidez, “aditu duanian negua heldu dala” esaldiaz ordezkatuta–, baina Jesus, Maria, Jose, aingeruak edota Jainkoa hizpide ez dituzten Gabonetako abestiak ez dira gutxi, eta beraz, hautua egiten duten hezkuntza komunitateentzat erraza da pausoa ematea. Mitxel Elortza Musika irakasleak, adibidez, “Gabon kanta laikoak” zerrenda jarri du eskuragarri, sarean.

Ikastetxe batzuek, Olentzero eta Mari Domingin baino gehiago, neguko solstizioaren ospakizunean jartzen dute indarra, edo Santomas jaian

Eztabaida eta aukerak

Dela ikastetxeko profesionalen gogoetatik, dela gurasoen eskarietatik eratorrita, urtez urte hezkuntza komunitate gero eta gehiagotan proposatzen da sinbologia erlijiosorik gabeko abestien alde egitea. EHIGE guraso elkarteen federazioak berak halaxe aldarrikatu zuen duela urte batzuk, “Gabonak ikasgelan ikuspegi erlijiosoa landu gabe jorratu” behar direla adierazita.

Ikastetxe batzuek, Olentzero eta Mari Domingin baino gehiago, neguko solstizioaren ospakizunean jartzen dute indarra, edo Santomas jaian, eta buelta horretako abestiak hobesten dituzte. Badira baita ere kantetan erreferentzia erlijiosoak mantendu baina parte-hartzea libre uzten duten ikastetxeak, eta nahi ez duen irakasle eta ikasleak ez du zertan abestu. Gabonen aitzakian beste kultura eta erlijio batzuetan ospatzen dituzten jaiez hitz egiteko aprobetxatzen duten eskolak ere badira.

Kontuak kontu, publiko nahiz itunpeko, Hezkuntza Legearen arabera teorian EAEn laikotasunaren printzipioa errespetatu behar dute denek –pentsa, baita Kristau Eskolak ere–, diru publikoz finantzatuak izan daitezen.