argia.eus
INPRIMATU
“Mezu garrantzitsua” irakurriko dute bakegileek apirilaren 8an Baionan
  • ETAren armagebetzea azkeneraino eramateko apirilaren 8an Baionan antolatutako egitarauaren berri eman dute bakearen artisauek. Eusko Jaurlaritzak ez du ordezkaririk bidaliko ekitaldietara.

ARGIA @argia 2017ko apirilaren 04a
'Bakea orain, herriaren aldarria' dokumentala izango da Baionako ekitaldien oinarrietako bat.

Egun gutxi geratzen dira apirilaren 8an ETAren behin betiko desarmea burutzeko ekimenerako. "Armagabetzearen Eguna" deitu diote bakegileek eta egun horretan izango diren ekitaldien berri eman dute zehatz-mehatz. Hala, besteak beste Orain bakea, herriaren eskaera dokumentala emango dute goizean eta haren zuzendari Thomas Lacostek hitz egingo du. Eguerdian mahai ingurua izango da Joseba Azkarraga, Aitzpea Leizaola eta Philippe Teixerren artean.

Ekitaldi handi eta masiboena, baina 14:30ean hasiko da. Paul Bert plazan dokumentala proiektatuko dute berriz pantaila erraldoi batean –euskarazko azpitituluekin–, eta horren ondoren hasiko da ekitaldia 15:00ak inguruan. Bakegileek herritarren laguntza eskatu dute antolaketa lanetarako, izena emateko euren webgunera jo daiteke.

Mixel Berhokoirigoin-ek ETB1eko Egun On Euskadi saioan azaldu duenez, ekitaldia "anitza" izango da, baita "serioa eta errespetuzkoa" ere, eta bertan "mezu garrantzitsu bat" irakurriko dutela iragarri du: "Hitzaldiak markatuko du iragana, eta baita nahi dugun etorkizuna ere".

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzerik gabe

Nolanahi ere, Berhokoirigoin-ek argitu du ez dela ekitaldi instituzionalik izango, baina espero duela instituzioak ere apirilaren 8an Baionan egotea. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du ez dela ekitaldietan izango. Josu Erkoreka bozeramaileak garbi utzi du Lakuan egin duen agerraldian: "Jaurlaritzaren egitekoa apirilaren 8an 10:30ean amaituko da".

Nafarroako Legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarez, aldiz, Baionan izango da armagabetzearen egunean, Info7 irratian jakinarazi duenez.