LGTBIQ+ banderaren itzalpean eta mezu eta doinu antifaxistez inguratuta jarri du karpa Voxek.
Ertzaintzak egindako pasilloan barrena atera dira Errenteria-Oreretatik, eta mezu argi bat jasota: Ez direla ongietorriak udalerrian. Aurreikusitako orduaren bueltan heldu dira Vox Espainiako ultraeskuineko alderdiko hamabost bat kide, oinez. Zumardi txikian muntatu dute karpa eta mahaia jarri haien etorrerarako kolore eta aldarrikapen antifaxistez jantzitako eremuan. Jarri duten karparen gainean, LGTBIQ+ bandera, ikur feminista, eta kartel antifaxistak gogorarazi die Errenteria-Oreretan faxismoak eta ultra eskuinak ez dutela lekurik.
Bertan eman dituzten bi ordu eta erdian etengabe entzun ahal izan da musika euskalduna eta antifaxista.
Ertzainek osatutako segurtasun hesiaren barruan izan dira, uneoro.
Hesiaren bestaldean, herritar ugari Errenteria-Orereta antifaxista dela agerian uzten
Argazkiaren bila etorri dira eta jarrera probokatzailea erakutsi dute sarri, telefonoarekin etengabe grabatuz Zumardian bildutako jendeari, edota Espainiako bandera astinduz joan aurretik. Ez dute lortu. Zumardiaren bazter batean izan dira, udalerrian Legebiltzarrerako 2024an egindako hauteskundeetan lortutako botoen kopuruaren pareko espazio txikian: erabat marjinala da ultraeskuineko alderdiak udalerrian duen boto kopurua —278 papertxo jaso zituen—.
Ez da gaurkoa Voxek udalerrira egin duen bisitaren gaineko gaitzespena adierazteko izan den hitzordu bakarra. Atzo manifestazio erraldoia egin zuten Errenteria-Oreretan ehunka herritarrek askatasunaren alde eta faxismoaren aurka, azken horri zirrikitu guztiak ixteko; probokazioan ez erortzeko eta hutsarena egiteko eskatu zuten herri ekimeneko ordezkariek protesta bukaerako irakurraldian. Bide beretik egin zuen udalak, aho batez, udal ordezkari guztiek adostu zuten adierazpen instituzionalaren bidez.
Ziurrenik bestelako argazki bat lortu nahi zuten gaurko bisitarekin Errenteria-Oreretan, ez dute erdiertsi. Parez pare ,etorkizunera begira jarrita dagoen herri anitz, koloretsu eta batez ere antifaxistarekin egin dute topo.