argia.eus
INPRIMATU
Mexikon Isabel Cabanillas ekintzaile feminista hil dute
  • Tiroz hil dute igande goizaldera, Ciudad Juárez erdigunean. Estatu autoritateek adierazi dute krimena ikertzen hasi direla eta genero arrazoiengatik hil duten aztertuko dutela.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 20a
Isabel Cabanillas, 26 urteko ekintzaile feminista.

Eldiario.es agerkariak Efe agentziaren bidezko albistea ekarri du. 26 urteko feminista arropa diseinatzailea, margolaria eta Hijas de Su Maquilera Madre taldeko kidea zen. Talde honek Mexikoren eta AEBen arteko mugako emakumeen eskubideak defendatzen ditu.

Hamarnaka emakumek manifestazioa egin zuten igandean bertan hilketa salatzeko eta justizia eskatzeko. Manifestariek hala adierazi zuten: “Zure hutsuneak min ematen digu, baina amorruak min handiagoa ematen digu. Justizia eskatuko dugu nekatu gabe, zuregatik, laguna, kidea, ahizpa eta alaba”.

Datu ofizialen arabera, Ciudad Juárezen, 2018an, hamasei emakume hil zituzten. Gizarte mugimenduek jasotako datuen arabera, 109 dira hildakoak hiri horretan. Nazio Batuen Erakundearen datuek diote Mexiko Erdialdeko eta Hego Amerikako herrialderik arriskutsuena dela emakumeentzat.

2018an Mexikon 3.752 feminizidio izan ziren.