argia.eus
INPRIMATU
Mexikon bost presidente ohi epai ditzaten 2,5 milioi sinadura bildu dituzte
  • Euren agintaldietan "ustelkeria eta bidegabeko pribatizazioak" baliatu izana egozten diete. Herri galdeketan bildutako babes guztiak Senatuan aurkeztu dituzte, eta hemendik aurrera auzitegien esku dago erabakia.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 18a
Kontsultaren botoak Senatuan entregatzen. Argazkia: @Omarel44

Mexikoko presidente ohiak epaitzearen aldeko iniziatibaren bultzatzaileek Errepublikako Senatuaren aurrean 2.5 milioi sinadura inguru entregatu dituzte, Infobaek jakinarazi duenez. Sinadura horiek ondoko kontsultari erantzuten zioten: "Ados al zaude kasuan kasuko agintariek Mexikoko presidente ohiek egindako ustezko legez kanpoko ekintzei buruzko ikerketa bat egitearekin, baldin eta ekintza horiek herrialdeari kalte larriak eragin badizkiote, eta, hala badagokio, prozedura judiziala abiaraztearekin, behar den prozesua bermatuz?".

Herritarren iritziak jasotzen zituzten botoak irailaren 15eko gauerdian jaso zituzten, Andrés Manuel López Obrador presidentea Mexikoko Jauregi Nazionalean independentzia eguna ospatzen ari zen bitartean.

Hala, Felipe Calderon Hinojosa eta Enrique Peña Nieto ez dira presidente karguak esleitzen zien inpunitatearen jabe izango, eta epailearen aurretik pasa beharko dira; baldin eta Mexikoko botere judizialak beharrezkoa ikusten badu. Carlos Salinas de Gortari, Ernesto Zedillo Ponce de León eta Vicente Fox Quesadaren kasua aldiz, bestelakoa da. Haien aurkako karguak preskribatuta daude eta.