argia.eus
INPRIMATU
Mexikon azken lau egunetan hiru kazetari hil dituztela salatu du NBEak
  • Kazetariak jazartuta daude Mexikon; drogak eta armak tartean dauden hilketak ikertzen dituzten kazetari eta hedabideek mehatxu larria dute gainean, informatzeko askatasuna galaraziz.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 06a
Kazetariak lanean. Argazkia: Violaine Martin / NBE.

Jorge Calestino Ruiz da azken lau egunetan hil duten hirugarren kazetaria. Veracruzeko estatuan tiroz hil dute El gráfico de Xapala-ko kazetaria. Mehatxuak eta erasoak salatu zituen lehenago, eta fiskaltzak onartu du larunbatean (hil zuten egunean) izan behar zituela segurtasun neurriak, bizkartzainak adibidez, ez zeudela beren jardunean.

Rogelio Barragán Pérez eta Edgar Alberto Nava López dira joan den astean hil dituzten beste bi kazetariak, Morelos eta Guerrero estatuetan, hurrenez hurren. Hiru kazetari hauekin, jada hamar hil dituzte 2019an Mexikon. NBEak 2018an Mexikon 12 kazetari hil zituztela gogorarazi du.

Kazetarien aurkako erasoez gain, hedabideak ere jomuga izaten ari dira. Uztailaren 31an, adibidez, El Monitor de Parral hedabideko erredakzioari eraso egin zioten, nahiz eta zauritu edo hildakorik ez izan. Erasoaren ostean, hedabideak publikoki adierazi du “segurtasun eta krimenari buruzko informazioa” publikatzeari utziko diola.

Mexikoko Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Komisioak azken kasuak sakon ikertzea eskatu dio Mexikoko sistema judizialari. Horrez gain, kazetariek salatzen dituzten eraso eta mehatxuei arreta handiagoa jartzea eskatu du, eta behar dituzten segurtasun neurriak ahalik eta lasterren ezartzea.