argia.eus
INPRIMATU
Mexikoko udal gobernu hautatu berriak erraustegi proiektua geldiaraziko du
  • Manuel Lopez Obrador eta Morenak Mexikoko hauteskundeetan lortutako garaipena iritsi da Maxiko hiriburuko udal gobernura ere. Metropoliaren legebiltzarrean, hautetsi berriek argi eta garbi adierazi dute aurreko legealdiaren amaieran modu irregularrean onartutako erraustegi proiektuak atzera botako dituela.

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko uztailaren 18a
Ezkerreko hautetsien protesta Mexikoko udal batzarrean azaroaren 10ean. (Argazkia: El Asertivo)

Jakin arren Mexiko hiriburuko udal hauteskundeak 2018ko uztailean burutuko zirela, 2017ko azaroan Miguel Angel Mancera eta bere gobernu taldeak lotuta utzi nahi zuten Veolia multinazionalak errauste planta handi bat eraiki eta ondoko 30 urteetan hondakinen kudeaketa osoa egitea. Oposizioko alderdiek eta zenbait gizarte mugimenduk salatu dute operazioarekin Mexiko hiru hamarkadatarako zorpetuta utziko dutela, 109.000 milioiko (ia 5.000 milioi euro) zuloarekin.

Hauteskundeak pasa berri, uztailaren 13an erraustegi proiektuaren kontra hasieratik borrokatu den Cesar Cravioto diputatuak berretsi du udal gobernu berriaren lehentasunetako bat izango dela aurrekoak onartutako erraustegia bertan behera uztea.

Craviotok prentsari azaldu dionez, Claudia Sheinbaum Mexikoko udaleko lehendakari berriak "mezu garbia jakinarazi du: atzera botako da proiektua, hura onartzeko erabakiak modu ez legalean hartu zirelako".

Veoliak multinazionalak Proactiva Medio Ambiente, SA filialaren bidez Mexikoko agintariekin sinatutako kontratua osotara 33 urterako da, hiru erraustegia eraikitzeko, 30 haren kudeaketarako. Bitarte horretako urte guztietan Metroa (udalaren konpainia publikoa) konprometitzen da erraustegiak ekoiztutako energia erostera orain finkatutako prezio jakin batean. Erraustegiak egunean 4.500 tona erreko ditu. Bestalde, horrelako proiektuetan sarri ikusi den moduan, Mexikon hasieran lehiaketara ateratakoak ez du aipatzen zer egingo den hortik sortuko diren errauts eta eskoriekin; hurrengo faseetan (eta gastu berriak erantsita) etorriko da hori ere.

Ondoko bideoan Contralinea hedabideak eskaintzen duen elkarrizketan Morena partidu ezkertiarreko César Craviotok azaltzen du Gipuzkoako erraustegiaren antza puska bat baduen Mexikoko operazioa: