Aguascalienteseko Fiskaltzak adierazi du Baena bere bikotekideak hil, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela. Baenaren senideak ez datoz bat hipotesi horrekin, eta familiaren abokatuak adierazi du ikerketa aldatuko duten frogak aurkeztuko dituela. LGBTIQ+ komunitatea ere kexu da gobernuaren bertsioarekin.
Jesús Ociel Baena, Mexikoko Aguascalientes estatuko LGBTQ+ komunitatearen eskubidearen aldeko figura garrantzitsuenetakoa zen. Pertsona ez bitarra zen eta “magistrade” termino neutroa erabiltzen zuen magistratu kargua definitzeko; epaitegietan "elle" izenordaina erabiltzea eskatzen zuen. Kolektiboko kide askorentzat Ocielek “ikusgarritasuna eta indarra” transmititzen zituen.
Baena hilda aurkitu zuten bere etxean, astelehenean. Aguascalientes estatuko fiskal Jesus Figueroak adierazi du hipotesi nagusia dela Baena bere bikotekide Dorian Daniel Nievesek hil zuela, eta gero bere buruaz beste egin zuela. Figueroak azpimarratu du ikerketaren arabera ez zela hirugarren pertsonarik izan.
Baenaren bikotekide Nievesi dagokionez, fiskalak adierazi du lepoaren aurrealdean labana batekin egindako zauri bat aurkitu diotela, eta azterketa toxikologikoaren arabera, positibo eman du metanfetaminetan. Gaineratu du bi gorpuak “bata bestearengandik zentimetrotara” geratu zirela. “Kontu handiz ari gara, batez ere zantzu guztien erregistroa mantentzeko”, argitu du Figueroak.
Baenaren familiaren abokatu Alberto Cázaresek adierazi du senideek ez dutela fiskaltzaren bertsioa sinesten, eta ikerketaren norabidea aldatuko duen frogak dituztela. Froga berri hauek datozen egunetan aurkeztuko dituztela aurreratu du. Bestalde, magistratuaren arreba Cinthya Baenak azpimarratu du heriotza baino egun batzuk lehenago bere nebak mehatxuak jaso zituela.
LGBTIQ+ kolektiboa ez dator bat
Astelehen gauean antolatutako protestetan Mexikoko LGBTQ+ kolektiboak adierazi du ez duela fiskaltzaren bertsioarekin bat egiten. Salatu du kolektiboko kideek “aurre egin ohi dieten gorrotoaren, diskriminazioaren eta indarkeriaren” ondorio dela Baenaren heriotza.